2.000 usurbildarrek garraio zerbitzu publikoak ez murriztea eskatu diote Aldundiari

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 23a, 06:34

Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzu publiko hainbatetan murrizketak aplikatzeko landua duen aurreproiektuaren aurka argi asko agertu dira usurbildarrak. Guztira 2.000 alegazio inguru bildu ditu Usurbilgo Udalak. 2.000 herritarrek eskatu diote Aldundiari ez ditzala aplikatu aurreikusiak dituen murrizketak. Besteak beste, gogoan izan, ospitalera doan zerbitzua kendu asmo dute eta Hernanira doan zerbitzuak egiten duen ibilbidetik kanpo geratuko dira Santuenea eta Zubietako geltokiak.

Gazte askok erabiltzen dute bus linea hau, Lasarteko Institutura joateko. "Hemendik aurrera Usurbilgo herrigunera hurbildu edo Lasartera beraien kabuz joan beharko dira, halabeharrez. Murrizketa hauek adinekoen eta gazteenen artean izango dute eraginik handiena, hau da, babes gutxien daukaten gizarte sektoreen artean”, udal ordezkarien esanetan. 

Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik ere gipuzkoarren eta usurbildarren garraio zerbitzu publikoa errespeta dezala eskatua dio egunotan Foru Aldundiko ordezkariekin, Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin eta Iñaki Prego zuzendariarekin izandako bileran.

Murrizketak aplikatu asmo dituzten zerbitzuok erabiltzaile gutxi dituztela dio Aldundiak. Zerbitzu publikoak defendatzea eskatu die aldiz, Usurbilgo alkateak. Udal ordezkariek Aldundiari esana diote, garraio zerbitzu publikoak ezin direla "erabiltzaile kopuruaren arabera eta ikuspegi ekonomizista hutsetik jarri edo kendu, irizpide horrek zokoratu egiten baititu komunitate txikiak. Gogorarazi zitzaien aurreko legealdian lanketa handia egin zela, herritarrei parte hartzeko aukera handia eman zitzaiela, eta ezin dela orain bat-batean egindakoa deuseztatu". 

Mozioa, datorren osoko bilkuran

Gaur arte jasotako alegazioak Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko dizkio Usurbilgo Udalak. Bada ordea, Udalak iragarri duen beste ekimen bat. Urriaren 31n egingo den urriko osoko ohiko bilkuran, gai honen inguruko mozioa aurkeztuko du EHBilduk, udalbatzak bozkatu eta onartu dezan. "Bertan, besteak beste, herritarrekin, udalekin eta gizarte eragileekin prozesu ireki bat martxan jar dezala eta Usurbilen dauden bus-zerbitzu eta linea guztiak mantendu ditzala eskatuko diote Aldundiari", iragarri du Udalak.