Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeatzaile ohiek ere Errazkin eta Intxaurrandieta babestu dituzte

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 23a, 11:10

Erraustegia gelditzeagatik auzitara eraman nahi ditu egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, aurreko legegintzaldian hondakinen kudeaketan ardura nagusia izan zuten ordezkari politikoak; GHK-ko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin.

GHK-k haien aurkako salaketa jarriko zutela iragarri zuten duela astebete. Erraustegia eraikitzeko kontratua eten eta enpresa eraikitzaileei kalteordainetan emandako dirua itzultzea eskatzen diete.

Egoera honen aurrean, babesa jasotzen ari dira Intxaurrandieta eta Errazkin. Ondoko irudian dituzue, 2011-15 urte artean Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Kontseiluko kide izandakoak. Tartean usurbildar bat; Garbiñe Errekondo. Guztiek babesa adierazi diete aipatu bi kideoi. Intxaurrandieta eta Errazkinen aurka GHK-k abiatzekoak dituen ekimen juridikoak salatu eta babes osoa adierazi zieten atzo egin zuten agerraldian.

Harrotasuna adierazi zuten hondakinen kudeaketan egindako lanagatik eta emandako urratsengatik. "Mandatu argia eman zitzaigun: erraustegia geldiaraztea, eta zaborrak kudeatzeko alternatiba bat aurkeztea", zioen Ahaldun Nagusi ohi Martin Garitanok. Azpimarratu dutenez, arau hausterik eta bidegabekeriarik gabe hartu zituzten erabaki guztiak. Ekimen juridikookin EAJ eta PSEk aukera politiko bati bidea ixteko nahia baino ez dutela gaineratu zuten.

Irudia: EHBildu.

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: "Herritarren hautua bete zenuten"

Auzitara eraman asmo ditutzen ordezkari politikoei elkartasuna adierazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Lerro hauek baliatu nahi ditugu mugimenduaren babesa, maitasuna eta sustengua adierazteko Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Herritarren hautua bete zenuten, erabaki zuzena hartu zenuten eta gainera adostutako indemnizazioak ordaindu ziren, legeak eskatzen zuen bezela. Lurraldeari dirutza aurreztu zenioten gaindimentsionatuta zegoen proiektua atzera botaz, osasuna bermatu zenuten, eskerrak ematen dizkizuegu horregatik".

Gertaera hau tarteko, "herritarrak deitzen ditugu indar eta adore haundiagoz II. Barraskilo Operazioan parte hartzera, baita etorkizunean etorriko diren mobilizazioetan ere". Urriaren 26rako 2. Barraskilo Operazioa deitu dute. 18:00etan Belartzatik, Decathloneko errotondatik abiatuko den autokarana ekimena.

EHBildu: "Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten"

Koalizioaren ustez, GHK-k astelehenean hartutako erabakiarekin EAJ eta PSE alderdiek zuzentzen duten foru gobernuak "bide oso larria hartu du, gehiengo demokratikoetan oinarritzen diren erabakiak errespetatu ez dituelako eta konfrontazioaren bidean sakontzen ari delako".

Horren aurrean, akordioa eta elkarrizketaren alde egitea eskatu du EHBilduk, babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera aurreko legealdian erraustegia gelditzea erabaki zuten agintariei. Koalizioatik adierazi dutenez, 

kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, “herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan. Legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez. Horregatik, EH Bilduren babes osoa dute, egindako lana ondo egin zutelako, arduraz, gardentasunez, legitimitate osoarekin eta legearen barruan”.

Eta gainera dirua aurreztu zela gaineratu zuten. Horregatik diotenez, "salaketak ez du oinarririk. Mendeku politikoa eta interes elektorala bilatzen ari dira”. Gogorarazi dutenez, “erakunde publikoak herritarren eskubideak eta interesak defendatzeko daudela. Agintariak gehiengoak eta gutxiengoak errespetatu eta defendatzeko daude eta ez euren karguak bestelako helburuetarako erabiltzeko”.