Liburutegien Eguna dugu gaurkoa, urriaren 24a. Pello Añorga ipuin kontalari eta idazleak, 6 urtetik gorakoei zuzenduriko saioa eskainiko du astearte honetan, arratsaldeko 18:00etan hasita, Sutegi udal liburutegian.
Literatur solasaldia bihar
Saio hau ez da aste honetarako iragarri duten ekitaldi bakarra izango, asteazkenerako, literatur solasaldia iragarri baitute. Olgaren hozkailua ageri da Ana Jakaren "Ez zen diruagatik" liburuan. Olga da kontakizun horretako protagonista eta narratzailea. "Bere intimitatea irekiko digu, eta bere gabeziak ikusiko ditugu inolako apaingarririk gabe", dio egileak. Ana Jaka Sutegi udal liburutegira dator asteazken honetan, urriaren 25ean 19:00etan antolatu duten literatur solasaldira. Liburua bera komentatuko dute, Pako Aristik bideratuko duen saioan. Gogoan izan, liburu honen aleak aurrez eskura ditzakezue liburutegian.
Ohiko ordutegian
Sutegi udal liburutegia ohiko jardunean da guztiz. Jada larunbatetan ere zabalik dago 10:00-13:00 artean. Astetartean bezala. Astelehenetik ostiralera 10:00-13:00/16:00-19:30 artean.