6.000 biztanle pasatxo dituen herri batean, 2.000 herritar mobilizatzea ez da txantxetako kontua. Baina hala gertatu da Usurbilen. 2.000 alegazio inguru aurkeztu dituzte usurbildarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzu publiko hainbatetan aplikatu asmo dituen murrizketen aurka. Besteak beste, gogoan izan, ospitalera doan zerbitzua kendu asmo dute eta Hernanira doan zerbitzuak egiten duen ibilbidetik kanpo geratuko dira Santuenea eta Zubietako geltokiak.
Panorama honen aurrean, murrizketok bertan behera uztea eskatu dute 2.000 usurbildarrek. Atzo amaitu zen alegazioak aurkezteko epea. Herritar nahiz udal ordezkariek ateratako talde argazki honekin borobildu zuten. Eskertzekoa eta nabarmentzekoa da herritarrek garraio zerbitzu publikoen alde eginiko defentsa.
Jasotako ia 2.000 alegazioak Foru Aldundiari helarazi dizkio Usurbilgo Udalak. Alegaziook aztertu beharko ditu orain Diputazioak. Ikusteke dago zer erabakiko duen usurbildarren nahiz beste hainbat herrietan asteotan bildu dituzten alegazioekin ere.
Mozioa, datorren osoko bilkuran
Bada gai honi lotuta, Udalak iragarri duen beste ekimen bat. Urriaren 31n egingo den urriko osoko ohiko bilkuran, gai honen inguruko mozioa aurkeztuko du EHBilduk, udalbatzak bozkatu eta onartu dezan. "Bertan, besteak beste, herritarrekin, udalekin eta gizarte eragileekin prozesu ireki bat martxan jar dezala eta Usurbilen dauden bus-zerbitzu eta linea guztiak mantendu ditzala eskatuko diote Aldundiari", iragarri du Udalak.
Kalte nabarmena
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarriak dituen murrizketak gauzatzen baditu, hainbat kolektibori eragingo die. Gazte askok erabiltzen dute Santuenea eta Zubietatik Hernanirantz doan autobus zerbitzua, Lasarteko Institutura joateko. "Hemendik aurrera Usurbilgo herrigunera hurbildu edo Lasartera beraien kabuz joan beharko dira, halabeharrez. Murrizketa hauek adinekoen eta gazteenen artean izango dute eraginik handiena, hau da, babes gutxien daukaten gizarte sektoreen artean”, udal ordezkarien esanetan.
Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik ere gipuzkoarren eta usurbildarren garraio zerbitzu publikoa errespeta dezala eskatua dio egunotan Foru Aldundiko ordezkariekin, Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin eta Iñaki Prego zuzendariarekin izandako bileran.
Murrizketak aplikatu asmo dituzten zerbitzuok erabiltzaile gutxi dituztela dio Aldundiak. Zerbitzu publikoak defendatzea eskatu die aldiz, Usurbilgo alkateak. Udal ordezkariek Aldundiari esana diote, garraio zerbitzu publikoak ezin direla "erabiltzaile kopuruaren arabera eta ikuspegi ekonomizista hutsetik jarri edo kendu, irizpide horrek zokoratu egiten baititu komunitate txikiak. Gogorarazi zitzaien aurreko legealdian lanketa handia egin zela, herritarrei parte hartzeko aukera handia eman zitzaiela, eta ezin dela orain bat-batean egindakoa deuseztatu".