Alternatiba badagoelako, "egingarria dela eta gainera merkeagoa eta osasun bermeak errespetatzen dituela" ozen adierazteko, 2. Barraskilo Operazioa antolatu du Errausteagiren Aurkako Mugimenduak urriaren 26rako (osteguna). Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da autokarabana ekimen hau Belartzatik, Decahtloneko errotondatik. Eskualdetik barrena egingo duen biran, Lasarte, Zizurkil, Villabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Añorga eta Antiguo zeharkatuko ditu. "Bigarren karabana honek badu beste berrikuntzarik. Oraingoan autobidea kolapsatzea ez da izango helburua. Oraingoan zirkuitoa haunditu dugu herri gehiagotan gure aldarria present izateko", zehaztu dute.
Aurreko maiatzean egin zuten Lehen Barraskilo Operazioa, Zubietan antolatu zuten Erraustegiaren Aurkako Egunaren bezperatan. Belartzatik abiatu eta eskualdeko errepideetan barrena ibili ziren, mugimenduak berak Gipuzkoa Zutikekin elkarlanean antolaturiko ekimenean, erraustegiaren aurkako aldarria zabaltzen.
Oraingoan ekimena indartu asmo dutela iragarri dute. "Badator II. Barraskilo operazioa! Oraingoan berrikuntzarekin, indarra egingo dugu herrietan, nabaria izan dadin gure presentzia", adierazi dute sare sozialen bidez. Ordutegien berri laster emango dutela iragarri duten arren, aurreratu dutenez, "deialdi bereziak egingo ditugu herrietan bizikleta, patin, traktoreekin parte hartzeko. .. Joan prestatzen Lasarte-Oria, Zizurkil, Villlabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Añorga eta Antiguoko herritarrak".
Lanak eteteko eskaera
"Erraustegiaren obren berealako lan uztea eskatzen dugu eta borondate politikoa eskatzen diogu hondakinen gaiari irtenbide merkeago eta justuago bat emateko. Norabide horretan ausardiaz jokatzeko deia luzatzen diegu bultzatzailei eta interes pribatu eta partikularrak alde batera utzi eta gipuzkoarrontzat komenigarriagoak diren neurriak hartzera gonbidatzen ditugu", adierazi du ohar bidez Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Alternatiba badagoela gogoraratzen dute beste behin. "Herri askotan aurrera eramaten ari da eta bataz beste %70eko gaikako bilketa lortzen da, udalerri batzuetan %90era ere iritsiz. Dinamika horretan azken udalerri batzuk batu dira, Urretxu (EAJ-PNV) eta Zumarraga (PSOE) kasu. Bi herri hauetan alderdi guztien adostasunarekin gaikako bilketako %45 estandar batetik %70era pasatu dira hondakin bilketan aldaketak eginaz eta eraginkortasunera joaz txipdun edukiontzi grisa, astean bi irekierarekin, aldaketa egina. Ikusten denez aldaketa txiki batzuek berehalako emaitzak ekarri dituzte eta gainera denetan interesgarriena hiru alderdi nagusien artean (PSOE, EAJ-PNV eta EH BILDU) adostasuna lortu dutela izan da. Hortaz alternatiba martxan da Gipuzkoako zati batean,", dio Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Ausardia eskatzen diote aipatu herri mugimendutik. "Mugimendutik eskatzen diegu ausardia politikoz jokatu eta neurri eraginkor horiek Gipuzkoa osora zabaltzea, batez ere biztanle askoko guneetara. Neurri eraginkor horiek probintzia guztian zabalduta erreus tonak asko murriztuko lirateke eta erraustegi garesti eta toxikoa ezereztatuko lukete, bide merkeago eta osasuntsuagoak ahalbidetuz", gaineratu dute.
https://youtu.be/CRITdBgo2c0