"Umorea ezinbestekoa da ondo bizitzeko. Eta gehienetan oso atsegina da barre egitea, kulerotan pixa egin arte barre egitea. Zerk eragiten du irribarrea, zerk algara? Geure buruaz barre egitea oso osasuntsua da, baina gutaz beste norbaitek barre egitean zer sentitzen dugu? Dena da onargarria? Eta gu umore sortzaile? Zenbat emakume komediante? Zenbat komiko? Lan talde honetan hau guztia aztertuko dugu. Emakumea umore objektu gisa, umore hartzaile gisa eta umore sortzaile gisa".
Hortxe Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak datorren hilabeterako antolaturiko "Emakumea eta umorea: zergatik, zertaz eta nola egiten dugu barre emakumeok" doako ikastaroko gako nagusiak. Ikastaroko saioak azaroko astearteetan izango dira; hilaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, 17:30-19:30 artean Potxoenean. Izena aurrez eman beharko da; azaroaren 3a baino lehen Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailean, 943 377 110 telefono zenbakian edo parekidetasuna@usurbil.eus helbidean.
NOAUA!ren Kulturaldian
Bea Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalari lasartearrak bideratuko du ikastaroa. Ate joka dugun NOAUA!ren Kulturaldiko protagonistetako bat izango dugu. "Erradikalak gara" emanaldia eskainiko du Ane Labaka bertsolariarekin batera, azaroaren 11n 20:00etan Sutegin. "Erradikalak zarete" esaten digute. Eta "nahi eta behar baino gutxiago" pentsatzen dugu. Bi emakume elkartu gara eta maletak kontraesanez beteta dakartzagu, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara iritsi nahian", aurreratu digute.
Gurasoentzako euskara klaseak
Iaz bezala, Etumeta AEK euskaltegiak Usurbilgo Udalaren laguntzaz gurasoei zuzenduriko euskara ikastaroa antolatu du. Klaseak Udarregi Ikastolan eskainiko dituzte AEK-ko irakasleek astero bi egunez eta bi orduz, 14:30-16:30 artean, azaroaren 6tik maiatzera. Guztira 100 orduko ikastaroa izango da. Prezioa: 100 euro.
Plaza kopurua mugatua izango da, baina gutxienik 6 lagunek parte hartu beharko dute. 2-12 urte arteko haurren gurasoek izango dute lehentasuna, taldekatzeko orduan. Mailaketa froga, urriaren 31n egingo da Udarregi Ikastolan. Eta gogoan izan, klaseen asistentzia gutxienez %80koa izanez gero, matrikularen kostuaren %100a ordaintzeko udal diru-laguntza jasotzeko aukera izango da ikasturte amaieran. Izen emateko ostiral honetara arteko, urriaren 27ra arteko epea duzue:
607 609 379
usurbil@aek.eus
Kzgunea, datozen ikastaroak
-Urriak 30, 31, 09:00-11:00: "Kizoa. Collage-ak sortu eta partekatu".
-Azaroak 2-10, 16:00-18:00: "Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi".
-Azaroak 13-14, 16:00-18:00: "Bapateko mezularitza zure Smartphone bidez".
-Azaroak 15-28, 16:00-18:00: "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".
-Azaroak 27-30, 18:00-20:00: "LibreOffice Writer. Zure testu dokumentuak sortu".
Informazio gehiago: 943 023 684/tutor.usurbil@kzgunea.net