Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea, herritar eta eragile gehiagorengana heltzeko lanketan

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 26a, 08:36

Informazioa, formazioa eta bikote zein bakarkako aholkularitza sexologikoa eskaintzen du duela sei urtetik Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak. Guneko arduradun Elena Jimenez sexologoarekin bildu gara. Abiapuntura itzuli asmo dute ikasturte berri honetan, eragile zein norbanako gehiagorengana heltzeko asmoz.

Sei urte bete ditu Sexu Aholkularitza Guneak. Bere lekua egin du zerbitzu honek herri mailan?

Elena Jimenez: Baietz uste dut. Halere neurtzeko garaian gaia berezia dela kontuan hartu behar dugu. Askotan diot, normalean psikologoarengana joan egiten gara baina gutxitan esaten dugu. Sexologora joan zarela aitortzea oraindik zailagoa da.

Gaiak tabu izaten segitzen du. Halere horma ikusezin hori gutxienik pitzatzen hasi da Sexu Aholkularitza Gunea?

Baietz esango nuke. Azken finean urtez urte herritar ezberdinekin egin dugu lan. Gertuagotik elkar ezagutu eta konturatu gara, ez dela beharrezkoa ezta ere gai hauek lantzeko edo gai hauei buruz hitz egiteko oso gaizki egotea. Ditugun interesak ozen adierazi eta lantzeko aukera izan dugu.

Kezka edo beharrekin lotzen da askotan zuen zerbitzua, baina eremu zabalagoa hartzen du. Erabiltzaileen artean nolabaiteko profilik edo zehaztu daiteke?

Ez nuke profil bat zehaztuko zuk aipatu duzunarengatik. Perfil ezberdinak egon daitezke, arrazoi ezberdinek bultzatuta etor daiteke Sexu Aholkularitza Gunera: kezkak sexualitatearekiko, gure buruarekiko edo harremanetarako zailtasunak; interesa, jakinmina; garapen pertsonala…

Elkarlana sustatu duzue urteotan. Ze kolektiborekin bideratu duzue lanketa?

Egia da emakume gehiago hurbiltzen direla, bai Usurbilen eta oro har. Garapen pertsonalarekin lotutako gaiak lantzera ohituagoa egon da emakumeen kopuru handiago bat. Baina gizonezkoak ere agertu dira. Bestalde, 6 urteotan adin tarte guztiak ukitu ditugu. Lehen urteetan, jubilatu edota Esperientzia Eskolarekin hasi ginen. Jende asko hurbildu zen, modu oso ludikoan egin genuen. Herritar guztiei zuzenduriko hainbat ekimen ere bideratu ditugu; erakusketak, “desiren putzua”… Emakume heldu eta gazteekin lan egin dugu. Jolas, grin eta jostailuei buruzko pare bat hitzaldi eman genituen, haurdunaldiaren etenari buruzkoa, nola eraikitzen joan den emakumearen gorputza. Tailerrak eman, eta tailer batzuk egin ditugu liburutegiarekin, emaginaren eskutik bikotetik familiarako bide horretan ematen den faseari buruzko saioak… Gaztetxekoekin dagoen ereduaz hausnartu genuen, Gaztelekukoekin norbere gorputza ezagutzeari eta desioak kudeatzeari buruzko saioak. Gurasoekin dezente egon gara. Gurasoen figura ardatz nagusia da ume eta nerabeengan eta garrantzitsua da sexualitatea jorratzea, neska mutil izateko moduei ze espazio uzten diegun...

Bada beraz gai hau jorratzeko desioa eta gogoa. Halere sexualitateaz naturalki hitz egitea kostatzen zaigu oraindik.

Bai kostatzen zaigu. Ez da izango gauza bat hain erraz aldatuko dena. Baina dagoen aniztasuna eta zure berezitasunak, denok ditugun berezitasunak lekua duten espazioak izatea gauza handia da. Bestela beldurrak sortzen dira, agian hau ez dela bidezkoa edo zuzena. Gaur egungo eredua zurruna da, baina errealitatea askoz malguagoa eta aberatsagoa ere. Gure buruari planteatzen badiogu zenbat denbora ematen diogun gozamenari, urria dela ikusiko dugu. Dedikazioa ere eskaini behar zaio gai honi. Desiretan ez da hain garrantzitsua on edo txarrak izatea, desirak desira baitira, emozioak bezala. Beste kontu bat da nola kudeatzen ditugun. Noraino eta nola eraman daitezkeen errealitatera.

Barneratua dugun eredua ere deseraiki beharko dugu.

Gauza asko bai eta beste gauza batzuei balorea eman beharko zaie. Bi alde horiek. Gauza batzuk agian gainetik kendu behar ditugu zurrunak direlako eta ez baitatoz bat gure buruarekin. Beste batzuei balioa eman, balore bezala hartu, apreziatu.

Identitateari buruzko eztabaida plaza publikoan dago azken aldian. Lehen urratsa eman da?

Gai guztiokin egon gara eskoletan eta gurasoekin ikusten, sexualitatea eta identitatea zer den, transexualitate egoerak, hori guztia lantzen. Guztiz lotua dago hezkidetzarekin, nolakoa garen neskak eta mutilak, ez direla hain muturreko gauzak. Denok ditugu gure alderdi maskulino eta femeninoak gure baitan. Hor badago lanketarako eremu oso interesgarria eta klabe handi bat. Azken urte hauetan asko hitz egiten ari gara identitatearen inguruan eta hori da klabeetako bat. Klabea da norbera ezberdina dela onartu eta nolakoa den jakitea. Azken finean hortik etorriko da, begirunezko harremantzea, gustura egotea eta norbera benetan den bezalakoa izatea. Gozamena, ondo egotea eta ondo pasatzea, beti hortik etorriko dira.

Sexu Aholkularitza Gunera lehen aldiz doanari nola aurkeztuko zenioke zerbitzua?

Sexualitatearekin lotutako edozein galdera ikurrari lagunduko dion zerbitzua dela esango nuke. Izan daiteke, jakinminetik, kezkatik, garatzeko gogotik. Etor zaitezke liburu, film edo bibliografia eske. Edo entzun duzun gairen bati buruz galdetzeko. Etor zaitezke seme-alabengatik edo bikote harremanen gorabeherengatik, edo ez dut argi neskak, mutilak, denak ditudan gustuko, zer sentitzen naizen...

Ikasturteari begira herri mailan ezagutarazten segitzeko egitasmoa duzue esku artean.

Neurri handi batean abiapuntura itzuliko gara, garrantzitsua da iritsi ez garen eragile eta norbanakoengana gerturatzea. Halako zerbitzu batek benetan gaindituko ditu zailtasun edo tabu horiek. Hori da gure erronka nagusia, berriz kontaktatzea aisialdiko taldeekin, gazteekin, gune eta talde ezberdinengana hurbiltzea. Beraien behar edo gogoak ezagutzea, horiek entzun eta bidea ematen saiatzea. Jende askorengana iritsi gara, urtero 150 lagunengana, zeharka beste erakusketa eta sare sozialen bidez askoz gehiagorengana. Baina bada hainbat jende ere zerbait entzun arren, oso garbi ez duena.

Jende horrek hilaren 27an izango du Sutegin, zerbitzua zer den ezagutzeko aukera.

Bai eta barre egiteko ere, konplizitate, konfiantza eta umore giroan. Gauzak gaizki jartzen direnean umore puntu bat izateak laguntzen du beti. Animatu eta hurbildu urriaren 27an Sutegira. Entzuteko, dauden behar eta gogoen berri jasotzeko prest gaude.

Usurbilek badu herri txiki gisa, berezitasunik zerbitzu honen erabilerari edo antolatu dituzuen ekimenen parte hartzeari dagokionez?

Baloratzerako garaian, ziur aski ez da gauza bera herri handi bat hartzea, non anonimatua lagungarria den. Azken finean denok nahi genuke tabu ez izatea baina norberari tokatzen zaionean tabu hori haustea zailagoa da. Halako herri txikietan diogu itxiak garela. Bagara eta ez. Hona datorren jendea hemengoa da, etorrita esfortzu bat egiten du. Hori baloratzekoa, hizki larriz jartzekoa da. Guk beti diogu halako zerbitzuak ez direla kopuruetan neurtzekoak, kualitatiboki neurtzekoak baizik. Etor dadila beraz, behar izan edo gogoa duenak. Hainbat guneetan lanketa hasi ostean, baliabide honen balioa jendeak baduela konturatu gara eta behar duenean hartuemanetan jartzen da gurekin.

“Sexijentziak askatuz”

Sexu Aholkularitza Gunearen seigarren urtemugari begira, gunea ezagutarazi eta tarte atsegin bat igarotzeko antzerki eta solasaldia antolatu dute:

Eguna: urriak 27, ostirala.

Ordua: 18:30.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Zehaztasunak: Sexu Aholkularitza bulegoaren ibilbidearen inguruko solasaldia eta “Sexijentziak Askatuz” antzerkia. “2016, urtean Donostiako Poltsikoko Antzerkiaren Lehiaketan, bigarren saria jaso zuen Bazen Behin Clown konpainiaren lan honek. Sexu harremanen inguruko gaia jorratzen duen formatu txikiko antzezlana da.  “Pituxak ez du orgasmorik. Era ezberdinetan ibili da irtenbide bila eta publikoari bizitakoa kontatzera dator. Zein betebehar eta exijentzia sortzen zaizkigu harreman erotikoetan? Ba al dakigu zein den gure benetako desira? Edota gizarte estereotipoen pean gaude?”.

Aktorea: Itziar Saenz de Ojer. 

Zuzendaria: Peio Arnaez.  

Sarrera: doan. Baina aurrez gonbidapenak eskuratu Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian, Artzabalen, Txirristran, eta Aitzagan.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila eta Sexu Aholkularitza Gunea.

Informazio gehiago:

Kale Nagusia, 43 behea (Gizarte Zerbitzuen egoitza)

Ordutegia: hilabete bakoitzeko lehen, hirugarren eta bosgarren astearteetan, 17:00-19:00 artean (aurretik doan hitzordua hartuta).

697 919 516

sexuaholku@usurbil.eus