Euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 27a, 04:04

Urriak 27 ditu gaur, hilabeteko azken ostirala. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen zein haien senideen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Besteak beste, Valentziako Picassent espetxean sorterritik ehunka kilometrora segitzen duten Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta Xuarenak. Urangak hilaren 25ean bete zituen urteak.

Urtebetetzeagatik zoriontzeko ondoko argazkia atera zuten herritarrek, iraila amaierako elkarretaratzean, zorion mezu hau helaraztearekin batera: “Aurten oraindik urtebetetzeko tarta bion artean partekatzerik izango duzuela espero dugu. Baina hurrengoan Xuak hortzak izango ditu eta orduan handiagoa beharko duzue. Zorionak Patxi!”.

Dispertsioarekin amaitzeko exijentzia

Dispertsio eta sakabanaketarekin amaitzea exijitu zuten beste behin usurbildarrek, irailaren 29an Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta Mikel Laboa plazan egin zuten elkarretaratzean. Urte hasieran abiatutako Akordio Sozialarekin bat egiteko deia egin zuten, “premiazkoa baita gaixo dauden presoen askatasuna zein urrunketarekin behingoz amaitzea. Ezin dugu eta ez dugu gehiago itxaron nahi! Etxean eta bizirik nahi ditugu!” adierazi zuten aipatu mobilizazioan. Asier Garcia Justo euskal preso politikoa (Badajozeko espetxean, 706 km-ra) bisitatzera zihoan bikoteak izandako istripua, aurten zortzigarrena, ere salatu zuten. “Euskal preso politiko eta haien senide eta lagunen bizitza eta osasunarekin jokatzen ari dira etengabe”, adierazi zuten elkarretaratzean. Bestalde iragarri zutenez, Bagoaz, Sare eta Etxeraten elkarlanez, espetxe-bira egingo da azaroaren 16tik abenduaren 8ra, estatu frantziarreko espetxean diren presoen eta haien senideen egoera salatzeko.