"Sexijentziak askatuz" antzezlana eta Sexu Aholkularitza Gunea ezagutzeko solasaldia gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 27a, 03:19

Jorratua duen 6 urteotako ibilbidea erretratatu nahi dute, era ludiko batean. Ikasturte berri honetan landu asmo duten zabaldunde kanpaina berri baten abiapuntua izango da, Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak urriaren 27rako Sutegin antolatu duen antzerki emanaldi eta solasaldia.

Orain artekoa bildu, herritarrekin partekatu eta udal zerbitzu hau ezagutzera ematen jarraitu nahi dute. Hilaren 27ko saioa baliatuko dute horretarako. Duela urte batzuk Emakumeen Eguneko Artzabalgo afarian, Sexu Aholkularitza Gunera joan eta bere kezkak partekatzen zituen esketx bat antzeztuz parte hartu zuen Itziar Saenz de Ojer aktorea, Bazen Behin Clown konpainiako kidea gonbidatu dute hitzordura. Iaz 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntzako bigarren saria jaso zuen “Sexijentziak Askatuz” bakarrizketa dakar oraingoan urriko azken ostiralean Sutegira. Eta antzezlanaren ostean, solasaldi arin eta parte hartzailea iragarri dute antolatzaileek.

Ezagutarazten segitzeko nahia

Ekitaldian parte hartzea aurreikusten dute, urteotan lanketaren bat burutu duten zenbait eragileetako ordezkari nahiz herritarrek. Esperientziak partekatuko dira, Sexu Aholkularitza Gunea zer den eta zerbitzuak herrian egindako ekarpen eta onurak ezagutzeko aukera izango da.

Udal zerbitzu honek jada bere tartea egin baitu Usurbilen. Zenbaki batzuk horren adibide gisa. Urtero zuzenean 150 bat lagunek baliatzen dute Sexu Aholkularitza Gunea. Horri besteak beste, guraso edota hezitzaileekin bideratzen duten lanketa, eta haiek era berean ikasle nahiz seme-alabekin egiten duten transmisio lana gaineratu behar zaio. Sare sozialetan ere presente dago gunea eta hortik 300-500 bat lagunengana heltzeko modua dute. Halere, udal zerbitzu honetako sexologo eta arduradun Elena Jimenezek NOAUA!ri adipatu dionez, “guneak badu leku bat herrian, baina egia da ere hainbat herritarrek ez duela ezagutzen. Denengana heltzea ez da erraza. Horregatik eman nahi dugu pauso hau”.

Aipatu moduan, ekintza hau ikasturte osora zabaldu nahi duten lanketaren abiapuntua izango da. Helburu argi batekin; orain arte heldu ez direnengana heltzea. Datozen hilabeteotan, Sexu Aholkularitza Guneak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera eman eta egon daitezkeen beharren berri jasotzeko, orain arte harremanik ez zuten herritar edo taldeekin bilkura erronda bat egitekoak dira, erakusketa batekin borobildu asmo dutena. Honekin batera, Sexu Aholkularitza Gunearen zerbitzuen informazioa eskaintzen duten txartelak berritu, eta orain arte bidelagun izan dituzten eragileen egoitzetan, jende mugimendua daudenetan jarri dituzte herritarren eskuragarri.

Antzezlana eta solasaldia

Eguna: urriak 27, ostirala.

Ordua: 18:30.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Zehaztasunak: Sexu Aholkularitza bulegoaren ibilbidearen inguruko solasaldia eta “Sexijentziak Askatuz” antzerkia. “2016, urtean Donostiako Poltsikoko Antzerkiaren Lehiaketan, bigarren saria jaso zuen Bazen Behin Clown konpainiaren lan honek. Sexu harremanen inguruko gaia jorratzen duen formatu txikiko antzezlana da.  “Pituxak ez du orgasmorik. Era ezberdinetan ibili da irtenbide bila eta publikoari bizitakoa kontatzera dator. Zein betebehar eta exijentzia sortzen zaizkigu harreman erotikoetan? Ba al dakigu zein den gure benetako desira? Edota gizarte estereotipoen pean gaude?”.

Aktorea: Itziar Saenz de Ojer. 

Zuzendaria: Peio Arnaez.  

Sarrera: doan. Baina aurrez gonbidapenak eskuratu Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian, Artzabalen, Txirristran, eta Aitzagan.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila eta Sexu Aholkularitza Gunea.

Informazio gehiago:

Kale Nagusia, 43 behea (Gizarte Zerbitzuen egoitza)

Ordutegia: hilabete bakoitzeko lehen, hirugarren eta bosgarren astearteetan, 17:00-19:00 artean (aurretik doan hitzordua hartuta).

697 919 516

sexuaholku@usurbil.eus