Kataluniako errepublika aldarrikatu den eguna urriko azken ostiralarekin egokitu da oraingoan. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute iluntzean Mikel Laboa plazan, euskal presoen eta haien senideen eskubideen alde.
"Euskal Herriko herritarren gehiengo handi batek euskal presoak Euskal Herriratzea eta gaixo daudenen askatasuna exigitzen du aspalditik baina bi estatuen blokeo egoerak bere horretan darrai", salatu dute. Horren adibide, hainbat presoren osasun egoera larria. Batetik, ostegunean bertan, Ocaña I espetxean dagoen Mikel Otegi presoak bihotzekoak jota Toledoko ospitalean dago. Ibon Iparragirre ondarrutarraren egoera larriaz ohartarazi dute baita. HIESA azken fasean du, "edozein infekziok heriotzara eramateko arrisku bizian dagoela, are eta gehiago kartzela bezalako leku batean. Espetxe Arautegiak zein Kode Penalak egoera krudel horri amaiera emateko artikuluak aurreikusten dituzten arren, espetxean mantentzen dute". Jada 19 euskal preso politiko hil dira espetxeetan, "azkena Kepa del Hoyo. Kolektiboko presoen kopurua 312koa da, baina kopurua jaisten ari den neurri berean, beharrak ugaldu egiten dira". Datu zehatzak aipatu dituzte; 91 presok gaitzen bat dute, haietatik 13k gaixotasun larriak, antzeko baldintzetan beste 8 daude.
Abenduaren 9an, Parisera
Testuinguru honetan Etxerat elkarteak presoen laguntza juridikoa eta osasun asistentziaren ardura bere bizkar hartzea erabaki duela berri eman dute. Erronka berri honetan inplikatzea eta "bakerantz eta gatazkaren ondorioen behin betiko ebazpenerantz urrats atzeraezinak ematen laguntzea" eskatzeko eremu ezberdinetako eragileekin biltzekoa da Etxerat datozen hilabeteotan.
"Euskal gizarteari, berriz, bere laguntza areagotzeko eskatu nahi diogu. Orain da garaia presoen osasun fisiko eta psikikoaren arazoei erantzuteko, eta gure senitarteko presoek behar duten laguntza juridikoa emateko. Denon artean, salbuespeneko legeria desblokeatzea lortu behar dugu. Zentzu horretan, gogoratu abenduaren 9rako bakearen artisauek Parisen antolatu duten ekimena. Zuen agendetan apuntatu eguna, erronka berri honi aurre egiteko".