Kataluniako errepublika aldarrikatu zen egun berean, espainiar estatuak Espainiako Konstituzioko 155. artikulua aplikatzea erabaki zuen. 155.aren aurka manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, azaroak 4, arratsaldeko 17:00etan Bilbon. Kasillatik abiatuko da mobilizazioa, “155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea” aldarripean. Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernua bere gain hartu izana, Jordien espetxeratzeak eta Kataluniako herria pairatzen ari den errepresioa salatuko da. Manifestazioarekin bat egin dute Gure Esku Dagok, EHBilduk edota euskal gehiengo sindikalak.
Bide batez baita, Usurbilgo Gure Esku Dagok eta EHBilduk. Usurbilgo Gure Esku Dagok herritarrak Bilbora joatera animatzen dituzte. Baita Usurbilgo EHBilduk ere. Usurbilgo EHBilduk gainera, autobus zerbitzua antolatu du larunbatean, Bizkaiko hiriburura joateko. Larunbat arratsaldeko 15:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi ataritik. Autobus zerbitzuan izen emateko, ostiral arratsaldeko 20:00ak arteko epea dago, Aitzagan, Bordatxon eta Txiribogan.
Udalbiltzaren adierazpena
“Herritarren borondateak mugarik ez duela erakutsi duzue. Zorionak Katalunia! Endavant!”, mezu honekin eman dio Gure Esku Dagok ongi etorria Kataluniako errepublikari.
Usurbilgo Udala kide duen Udalbiltzak ere adierazpen instituzionala kaleratu du Kataluniako errepublika aldarrikatu ostean, “eta baita Euskal Herriarentzat ere duen esanahaiagatik”. Kataluniako errepublikari aitortza adierazi dio, eta erabaki historiko hau hartzea ahalbidetu duen herritar eta eragile oro zoriondu ditu. Modu berezian, azken urteotan lanean aritu diren udal hautetsiak, “erakutsi duten kemen eta konpromisoagatik. Eredu dira guretzat”. Herritarren borondatea errespetatzea eskatu dute, Estaturiko gabeko nazioek etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzearekin batera. Adierazpena Kataluniako erakunde nagusietara, tartean Kataluniako Independentziaren aldeko Udalerrien Erakundera (AMI) helaraziko du Udalbiltzak.