Hala da. Herritar talde bat merezitako herri omenaldia prestatzen ari zaio, Usurbili eta usurbildarrei hainbeste une gozo eta poz eman dizkion txirrindulari Haimar Zubeldiari. Orain arte, urtero azaroan antolatu izan dioten ospakizun bazkaria, eskertza eta agur festa handian bilakatu dute aurtengoan. Antolaketa lanetan dabiltzan herritarrekin bildu gara.
Haimarrentzat antolatzen ari zareten agur festa honen atarian, emozio dezente nahastuko dira zuen artean?
Arkaitz Errazkin: Gazi gozoa izango da. Gazia, bukatu egingo baita urtero ederki ospatu dugun ospakizun bat. Haimar gainera oso gustura sentitzen zen bazkaritan. Aurtengoa ere egin behar zela esan zuen. Alde horretatik pena pixka bat dugu. Eta gozoa, merezi duena eman nahi diogulako.
Antolakuntza taldea Haimarren urteotako bidelagunek osatu duzue. Zerk lotzen zaituzte Haimarrekin?
Ainhoa Arrozpide: Batzen gaituena helburua da, Haimarri merezitako omenaldi bat antolatzea. Toki ezberdinetatik etorritako 7 lagun bildu ginen hasieran; Peña Zubeldian urteroko bazkaria antolatzen zebiltzanak, lagunak, jarraitzaileak… Urriaren 9an herritar orori ireki genion taldean parte hartzeko aukera. Hor beste 12 bat pertsona elkartu ziren helburu berarekin; berak gozarazi diguna ahal den heinean nolabait itzultzeko.
Hamaika bizipen izango dituzue Haimarrekin. Baten bat partekatu nahi zenukete NOAUA!ko irakurleekin?
A.E.: Lasterketetan gozatu izan dugu. Berak beti begirada botatzen zigun errepidetik, ikusi egiten gintuen. Urte batean Plateau de Beillen (Frantzia), koadrila handia geunden, bere gurasoak eta guzti. Lasterketa bukatu eta gero Haimar gugana etorri, eta berarekin argazki bat atera genuen, denok hunkitu gintuen.
A.A.: Luz Ardidenen ere jendez betetako autobusa joan ginen behin Usurbildik. Txirrindulariak bizpahiru segunduz ikusteko egun eta erdi lehenago joan behar zara. Giro izugarria izan genuen trikitixarekin, herri bazkaria... Han ere beherakoan geratu egin zen eta argazkiak ateratzeko aukera izan genuen. Beti ikusten bazaitu keinuren bat egingo dizu. Alde horretatik oso esker onekoa izan da beti.
Hitz gutxitan, nola laburbilduko zenukete Haimar Zubeldiaren ibilbidea?
A.E.: Niretzat eredugarria izan da arlo guztietan, bai txirrindulari bezala, pertsona bezala. 20 urte zail izan dira. Gauza asko pasa dira tartean eta Haimar beti egon da bere puntuan. Beti erakutsi du bere maila altua. Haimar beti izan da txapela kentzeko moduko pertsona.
A.A.: Ibilbide hori urtero gertutik jarraitu ez dutenek aukera paregabea izango dute antolatu dugun argazki erakusketan. Bere ibilbidea islatu nahi izan dugu. Argazki horiekin ohartzen zara lortu duena eta bere ibilbidea zenbaterainokoa izan den. Txapela kendu eta txapela berari jartzeko modukoa da.
Egitaraua eskutan hartuta, antolatu dituzuen ekimenekin bere ibilbidea da bereziki nabarmendu nahiko duzuena?
A.A.: Ez dugu bere ibilbide profesionalera mugatu nahi. Maila profesionalera iritsi aurretik ere ibilbide bat egina zuen. Gure ustez ez dugu soilik omenduta ikustarazi nahi profesional mailako urte horiek, baizik eta hasieratik, ibilbide osoa. Lasterketetara joan aurretik zer prestaketa egin behar zituen, ze azpiegitura zeuden, hor zegoen jendea ere ikustaraztea nahi dugu erakusketa horretan. Beti esaten da pertsona baten atzetik lan talde bat dagoela eta hori ere nolabait ikustaraztea nahiko genuke. Horregatik gonbidatzen ditugu herritar guztiak azaroaren 15ean 20:00etan erakusketaren irekierara. Haimar bertan izango da.
Haimarrekin hartuemanetan izango zarete. Nola hartu du prestatzen ari zareten herri omenaldia?
A.A.: Prestutasuna erabatekoa izan da. Denari baiezkoa eman dio eta hori ere adierazgarria da. Usurbildarra izanik, omenaldia bere herrian egiteak esanahi berezi bat badu. Berak azken aldian omenaldi ugari jaso ditu. Azkena aurreko igandean, Zarautzen, Aspanogiren eskutik. Txirrindularitzatik aparte, hainbat gizarte eragilerekin konprometitua egon baita. Berak denetan esaten du, omenaldi guztiek hunkitzen dietela. Oso gustura hartzen ditu. Espero dugu bere herrian egingo zaiona ere, berezia izatea. Usurbildarrok badugu berari esker on hori adierazteko gogoa. Jada aurrekari batzuk baditugu. Donostiako Klasikan, Atxegalde parean adin guztietako herritarrak gerturatu ziren bera animatzera. Berak eskua eman nahian, pelotoian jendea zegoen aldetik igaro zen. Igeldoko maldetan eta helmugan egin zitzaion omenaldira ere usurbildar ugari gerturatu ziren.
Hazten ikusi zuen sorterrian amaituko du Haimarrek ibilbidea, merezitako herri omenaldi batekin. Haimarren urteotako bidelagun eta herritar oro bildu nahiko duzue hitzorduan.
A.A.: Antolakuntzan hasi ginenean bi gauza oso argi genituen hasieratik. Batetik herriak egiten dio omenaldia izango zela. Antolakuntzan herritar desberdinak gabiltza, eta horrez gain, lan puntualetarako herritar piloa ari dira antolatzen, denak ere prestutasun osoarekin. Eta bestalde, parte hartzailea izan behar zuela. Hasieran egin behar genituen bazkari eta omenaldari, ekarpen piloa eransten joan gara.
MEREZITAKO HERRI OMENALDIKO HITZORDUAK
Azaroak 15, asteazkena
19:00 Haimarrekin solasaldia Sutegiko auditorioan.
20:00 Argazki erakusketaren irekiera Sutegiko erakusketa aretoan. Haimar bertan izango da.
Azaroaren 16an eta 17an, ostegun eta ostiralean
17:30-20:30 Argazki erakusketa Sutegiko erakusketa aretoan.
Azaroak 18, larunbata
8:30 Haimarrekin Andatzara txirrindaz. Abiapuntua: Frontoia. Ibilbidearen iraupena 2 ordu eta erdikoa izango da. Deialdi irekia. Bi ibilbide egingo dira, zati bat modu bateratuan.
12:00 Haimarrekin txirrinda ibilbide girotua herrian zehar. Adin guztientzat. Azken metroetan Porrotx bidelagun. Abiapuntua eta helmuga: Dema Plaza.
13:00 Omenaldi ekitaldia frontoian.
14:30 Bazkaria Aginaga Sagardotegian.
Txartelak azaroak 4 bitartean Bordatxo Tabernan erosi daitezke. Prezioak:
-Helduentzako menua: sagardotegikoa, 30 euro.
-Haurrentzako menua: makarroiak, oilaskoa eta izozkia. 12 euro.
Oharra: prezioaren barne, Oiardo Kiroldegitik Aginaga Sagardotegira joan eta gero handik Kiroldegi parera itzultzeko autobus zerbitzua.