Usurbilgo Udalak herritar talde batekin elkarlanean antolaturiko Mundualdiari loturiko ekimenak borobiltzeko "islamofobia gure gizartean" hitzaldia antolatu dute ostegun honetarako, azaroak 2, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. SOS Arrazakeria taldeko kide Tarana Karin ariko da hizlari lanetan. Tarana iazko Mundualdian gure artean izan zen, "Bizilagunak" egitasmoa aurkezten.
"Bizilagunak", azaroaren 19an
Elkar ezagutzen al gara herrian? Mundualdia Usurbil Herri Anitza bezalako ekimenek argi uzten dute, badela azaleratzeke dauden herri, bizimodu, kultura eta errealite anitz, udalerri honetatik atera gabe. Egoera hau iraultzen laguntzeko, "Bizilagunak ezagutu!" aldarripean, SOS Arrazakeriak abian du orain urte batzuetatik Bizilagunak izeneko egitasmoa. Urtean behin, egun batez, jatorri ezberdinetako bi herritar talde (familiak, lagunak...) bi familiotako baten etxeko mahaian, bazkari baten bueltan biltzean datza ekimenak. Dinamizatzaile bat dago, bi herritar taldeon arteko zubi lana egiteko. "Begira ingurura! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu zure hiriko kaleetan barrena... Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz? Edo agian zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu eta lagunak izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehiago jakiteko?".
Gipuzkoan jada 200 familiek baino gehiagok bat egin dute azken urteotan. Usurbilen bi sendiek baita. 2012. urteaz geroztik milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak egitasmoan. Baina proiektua indartzeko asmotan dira. Azaroaren 19an, igandez, ospatuko da Bizilagunak ekimenaren 2017ko edizioa.
Azaroaren 19an, arratsaldeko 14:00ak aldera "Bizilagunak" egitasmoan parte hartu nahi duenak, izen emateko eta argibide gehiago jasotzeko bideok ditu:
943 32 18 11
Buruntzaldean: amherbizilagunak@gmail.com, 943 336 071/618 420 766.
sosracismobizilagunak@gmail.com
Facebook: /Bizilagunak
Twitter: @bizilagunak2016
Antolatzailea: SOS Arrazakeria.