Ez zegoen aurreikusia eguneko gai zerrendan, baina bai EHBilduk eta EAJ udal taldeek aurkeztu duten mozio bana tarteko, Kataluniako gaia gaurko udalbatzarraren osoko bilkuran txertatzea erabaki dute gehiengo osoz. Bi udal taldeon mozioak bateratzea adostu dute. Mozio bateratu horretan, urriaren 27an Katalunia Parlament-ak aldarrikatutako errepublika aitortzen dio Usurbilgo Udaleko udalbatzak. "Kataluniako Errepublika aitortu eta errespetatzen du, eta Errepublikaren izaera demokratikoa eta soziala goresten du", dio mozioak.
Kataluniako Parlament-ak hartutako erabakiak errespetatu eta babesteaz gain, espainiar estatuak 155. artikulua aplikatzeko hartutako erabakia gaitzetsi eta katalanen borondatea errespetatzea exijitzen du gainera. Bide batez, Kataluniak urrats historiko hau ematea ahalbidetu duten herritar eta eragileak zoriontzen ditu, baita modu berezian, urtez luzez lanean aritu diren udal hautetsiak ere. Eta argi dio mozioak: "Kataluniako gizarteari eta bere berezko ordezkari instituzionalei dagokiela, euren etorkizuna erabakitzea soilik bide baketsu eta demokratikoak erabiliz".
Iraileko osoko bilkuran gertatutako irudia errepikatu da bozketan. EAJ eta EHBildu udal taldeek mozioa babestu duten artean, PSE-ko udal ordezkaria aurka agertu da. Bozketa aurretik, duela hilabete bezala, luze zabal hitz egin dute udal ordezkariek Kataluniako egoeraz.
Garraio zerbitzu publikoak murriztearen aurka
Beste mozio bat ere onartu du udalbatzak. Hau bai, aurreikusia zegoena; garraio zerbitzu publikoen murrizketen aurkakoa. Aldundiak iragarritako murrizketak bertan behera utzi eta herritar, udal zein gizarte-eragileekin gai honi buruz eztabaidatu eta hausnartzeko prozesua irekitzea eskatzen du udalbatzak, gehiengo osoz onartu duten mozioaren bidez.
Hileta zibilak antolatzeko hobekuntzak
Gai honi lotutako ordenantza aldatzea ere onartu du udalbatzak aho batez. Aldatu eta hobetzea, bi hobekuntza nagusi txertatu asmo baititu Udalak hileta edo omenaldi hauek antolatzerakoan. Orain arte, tanatorioan edota Askatasuna plazan antolatu zitezkeen. Aldaketokin Sutegin eta hilerri berrian egokitzen ari diren Errautsen Parkean ere antolatu ahalko dira. Eta ordutegi zabalagoan; goiz edo arratsaldez, lau guneotan.
Zumarteren birgaitzeari lotutako bi erabaki
Gogoan izan, 2 milioi euroko inbertsioa bideratuko du Usurbilgo Udalak Zumarte Musika Eskola handitu eta berritzera. Gaurko osoko bilkuran, 2 milioi euroko kreditu eragiketa Kutxabank entitatearekin egitea onartu du udalbatzak. Inbertsio horrek gainera, plan ekonomiko finantzieroa prestatzera behartu du Udala. Plan hau ere gaurko osoko bilkuran onartu du udalbatzak.
Aldaketak 2018ko taxi tarifetan eta zerga ordenantzan
Urte berrirako taxi tarifak %1,6 igoko dira. 2018ko zergei oro har, salbuespenak salbuespen, %3ko igoera aplikatuko zaie. Erabakiok ere gaur onartu ditu udalbatzak arratsaldean egin duten osoko bilkuran. Zerga ordenantzan txertatu asmo dituzten aldaketak hasieraz onartu dituzte gaur.
Gai hauei guztiei buruzko xehetasun gehiago datozen egunetan. Honatx erabaki guztion udal ordezkarien bozketen emaitzak:
UDALBATZAK HARTUTAKO ERABAKIAK
-2018rako zerga ordenantzen aldaketa.
Bozketa: EHBildu alde. EAJ eta PSE abstentzioa.
-Plan ekonomiko finantzarioa (2017-2020).
Bozketa: aho batez mahai gainean utzia.
-Mailegu eragiketaren kontratazioa.
Bozketa: EHBildu eta PSE alde. EAJ abstentzioa.
-Arreta Zerbitzuak, S.L. enpresari Etxez Etxeko laguntza zerbitzu kontraturako jarritako behin betiko bermea itzultzea.
Bozketa: aho batez onartua.
-Usurbilen hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza aldatzea.
Bozketa: aho batez onartua.
-2018 urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak onartzea.
Bozketa: aho batez onartua.
-Mozioa: Autobusen zerbitzu publikoan murrizketarik ez.
Bozketa: EHBildu eta EAJ alde. PSE aurka.
-Gai zerrendan aurreikusia ez zegoen Kataluniari buruzko mozioa.
Bozketa bikoitza: lehen bozketan eguneko gaien artean jorratzea erabaki dute. Mozio bana aurkeztu dute EAJ-k eta EHBilduk. Bi mozioak bateratzea erabaki dute. Bateraturiko mozioaren bozketa: EHBildu eta EAJ alde. PSE aurka.