Gure artera dator astelehenean, prekarietatearen aurkako LAB-en ekimen ibiltaria

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 3a, 04:20

Urriaren 16az geroztik, “Lan duina, bizi duina” aldarripean LAB sindikatuak prekarietaren aurka Euskal Herrian barrena antolatu duen ekimen ibiltaria gure artera helduko da astelehen honetan. Azaroaren 3an eta 4an Donostian hainbat ekimen burutu ostean, astelehenean “Michelingo azpikontratetan ematen den egoera salatuko dugu. Horrez gain, garraio publikoan izan diren murrizketa eta enplegu suntsiketak azaleratuko ditugu”, iragarri dute. Urbil merkatalgunean izango dira azaroaren 6an, eguerdian eskuorriak banatuko dituzte autobus geltokietan eta iluntzean Lasarteko Okendo plazan info gunea kokatuko dute.

Biharamunean, azaroaren 7an Hernanin, “eguna lan osasunaren egoera salatuz hasiko dugu. Ostean, “Ekintza sindikal berria” tailerra egingo dugu. Bestalde, ekitaldi nazionala burutuko dugu Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta”. LAB sindikaturen ekimen ibiltari hau urriaren 16an Iruñean abiatu zuten. Euskal Herria zeharkatu ostean, abenduaren 6an amaituko dute Durangon.

Informazio gehiago: lab.eus