Zinea euskaraz eta Martin Bertsoren ikuskizuna, haurrentzako hitzordu bikoitza asteburuan

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 3a, 10:29

Sutegiko auditorioko butaketan eroso eseri eta euskarazko zineaz gozatzeko aukera eskainiko diete haurrei, Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartekoekin elkarlanean negu parterako antolatu duten zikloari esker. Lehen proiekzioa, igande honetarako, azaroaren 5erako antolatu dute, 17:00etan Sutegin. “Pepper” filma eskainiko dute. “Pepper txakur berezia da: diru mordoa oinordetzan jasotzeaz gainera, hitz egiten ere badaki!! Bere dirua nahi duten lapurrek jazarria, babesa bilatuko du Singerdarren etxean, familia guztiz bitxiaren ondoan. Felixek hartuko du bertan, mutiko bakartia bera, egun osoa tigrez mozorrotuta ematen duena. Elkarrekin, mutikoak eta txakurrak hamaika arriskuri egingo diete aurre eta munduko altxorrik ederrena aurkituko dute: adiskidetasuna”. Film proiekziorako sarrerak egunean bertan, 3 eurotan erosi ahalko dira. Aurrerantzean eta udaberri partera arte, hilero lehen igandeetan, haurrentzako zinea euskaraz kultur etxeko auditorioan.

Azaroko larunbatak, Antxomolantxakoenak

Aginagako elkarteak haur eta gaztetxoei edota haien gurasoei zuzenduriko hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilabete honetako asteburuetarako. Hasteko, Martin Bertsoren bisita larunbatean:

Azaroak 4, larunbata

17:30 “Martin Bertso” ikuskizuna Aginagako ludotekan. Sarrera doan.

Azaroak 11, larunbata

17:30 DYA-ren saioa haurrentzat: “DYA-ren gorputz higiene clowneko saioa umeentzat. Jarduera honen helburua umeei norbere higienearen oinarrizko arauak zeintzuk diren helaraztea da”. Sarrera doan.

Azaroak 18, larunbata

17:30 “Irrien sukalde txokoa” Aginagako ludotekan. “Haurrek sukalde txokoan, pizza, taloak, zurrupakiak edo pintxoak egiten ikasiko dute”. Sarrera doan.

Azaroak 25, larunbata

09:30-13:30 “DYAko lehen sorospenak haurretan” Aginagako ludotekan. “Helburua, gurasoei umeen larrialdi eta istripuen aurrean nola jokatu ezagutzak eta trebetasunak helaraztea da”. Izen ematea azaroaren 22ra arte, 677 882 321 telefono zenbakian edo ludotekan.

Azaroak 26, igandea

17:30 “Irabazle eta galtzaile” familia osoari zuzenduriko film proiekzioa Aginagako ludotekan. Sarrera doan.

Antolatzailea: Antxomolantxa.

Ipuin kontaketak Sutegin

Bi ipuin kontalariren bisita iragarri dute Sutegi udal liburutegitik asteotarako:

Azaroak 8, asteazkena

18:00 Miriam Mendozaren ipuin kontaketa saioa HH4koentzat.

Azaroak 15, asteazkena

18:00 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa HH5ekoentzat.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.