Alejandro Tapiari egingo zaion merezitako omenaldiak abiatuko du gaur NOAUA!ren Kulturaldia

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 3a, 05:48

Merezi bezala agurtu eta omenduko dugu iazko abendu amaieran zendu zen Alejandro Tapia margolari aginagarra; ate joka dugun NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan, Tapiaren familia eta ingurua, Usurbilgo Udala eta kultur elkarte hau prestatzen ari diren erakusketaren bidez.

Ondoko irudian dituzue erakusketaren antolatzaileak. Alejandroren heriotza isil samarrean igaro zela eta zerbait egiteko gogoak batu ditu. “Zerbait egin behar genuela esaten genuen, bere inguruan bildu eta despedida hori behar den bezala egiteko”, azaldu dio NOAUA!ri Alaitz Aizpurua udal zinegotziak.

Egunotan, Tapiaren Aginagako estudioan aritu dira, azaroaren 3tik 12ra Sutegin ikusgai izango ditugun sortze lanak aukeratzen. “Estudioan zituenak bere gustukoenak ziren. Hemen ikusten dena saiatu gara mantentzen muntaian”, adierazi digu Usoa Zumetak. Harribitxi asko dago tartean. “Pieza txikiak dira gehienak baina urrutitik begiratzea eskatzen dute, sakontasun handia baitute. Sorpresa handia hartu dut askorekin”, gaineratu du Zumetak.

1951-2014 urte arteko hainbat sortze lan hautatu dituzte Sutegirako. “Bere bizitza osoko aukeraketa bat dago. Ikusiko da baita ere, ze aldaketa edo ibilbide egin duen bere marrazkietan, nabarmena baita”, iragarri digu udal zinegotziak.

Natura nagusiki

Tarteka arkitektura ikusiko dugun arren, argi diote, bera naturzalea izaki, natura nagusituko da erakusketan ikusgai izango diren aginagarraren lanetan. Aipatu moduan, irudian duzuen estudiotik ateratakoak dira Tapiaren lan kuttunenak. Naturari begira dago Aginaga goialdean dagoen gunea. Leiho zabal batekin, inguru berdeari begira. “Azpimarragarria da hona sartu eta kanpotik ez dirudien arren, ze argitasun dagoen barruan. Horrek asko esan nahi du margotzen ari den batentzat”, nabarmendu digu Aizpuruak.

Kokapena dudarik gabe garrantzitsua da sortzaile batentzat, baita Alejandrorentzat ere. Apropos aukeratu zuen. “Baserrian bizi ginen denok. Koadro piloa zuen. Baserria koadroz betetzen ari zitzaion, eta orduan, lur sail hau erosi eta hemen estudio bat kokatzea erabaki zuen. Berak aukeratu zuen eremua eta dena, nik uste paisaia horiengatik”, oroitzen du Alejandroren senide Josune Agirre Tapiak.

Apustu ausarta

Garai hartan dena utzi eta bere bizimodua sormenera bideratzera erabaki zuen Tapiak. Apustu ausarta egin zuen dudarik gabe. “Bere burua autodidakta gisa aurkezten zuen. Elkarrizketa batzuetan aipatzen du, 13 urterekin lana utzi zuela. Berak margotzeko grina barruan zeramala zioen. Garai hartan zaila izango zuen familian pinturara dedikatu nahi zuela esatea, baina hori adierazi eta hortik bizitzea ausarta behar izan zuen”, dio Alaitzek.

Errestaurazio lanetan hasi zen. Sari batzuk ere irabazten hasi izanak, “lagundu zion aurrera joaten. Bere sortze lanak orduan hasi zela saltzen zioen”.

Eta bidaiatzeari ere ekin zion. Kanpoan bizi eta ikasitakoa bere sortze lanetara garraiatzen zuen gero. Baina gertukoa, etxekoa ere maite zuen. Bereziki Aginagako erribera. Aginaga eta Usurbilekin lotura estua izan zuen Alejandrok eta hori ere islatu nahi da erakusketa honen bidez. “Oso artista herrikoia zen. Aginagan ere jai egitarauak berak lantzen zituen. Usurbilen ere hor dago bere murala. Aginagan eta Usurbilen ere erakusketa bat baino gehiago egin izan ditu”, oroitzen du Aizpuruak.

Katalogo bat ere lantzen ari da antolakuntza taldea, Tapiaren sortze lanen irudien bildumarekin. Erakusketan kontsultatu ahalko duzue. Irekiera ekitaldia, azaroaren 3an (ostirala) 19:00etan Sutegin.

Azaroak 3, ostirala: Alejandro Tapiari omenaldia

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Zehaztasunak: “2016ko abenduaren 24an zendu zen Alejandro Tapia Aginagako margolaria. 1930. urteko azaroan jaio zen eta 86 urteetan asko dira egindako margolan, eskultura eta grabatuak. Akuarelekin hasi bazen ere zahar berritze lanak egiten, laster egin zuen olio-pinturak eta pastelak egiterako jauzia. Natura izan da besteak beste bere inspiraziorako gai nagusia eta berak esana da "Abstrakzioa egiten dudanean ere beti sartu behar izaten dut natura pixka bat. Naturak beti dauka zerbait hartzeko. Nahi duzun guztia ematen dizu". 1958. urtean joan zen Parisera eta ondoren Madrilen, Italian Londresen, Belgikan edota Holandan ere ibili zen ikasketak osatzen. Bere lanek estilo figuratibo eta abstrakzioaren eragina dutela esan genezake. 60. hamarkadan UR taldea sortu zuen Karlos Bizkarrondo, Jose Grazenea eta Javier Arozenarekin batera.

Alejandro oso artista herrikoia izan dela esan dezakegu. Ezaguna dugu berak egindako murala, Sutegin eta Aginagako Eliza Zaharrean eskainitako erakusketak eta Aginagako festetako jai egitarauak, zein bertan ikusgai dagoen eskultura ere. Ekitaldi honetan aukera izango dugu berak eskainitako guztia gogoratu eta eskerrak emateko”.

Oharra: ekitaldiaren ostean, azaroaren 12ra arte Sutegiko aretoan ikusgai izango den Alejandro Tapiaren lanen erakusketaren irekiera.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Alejandro Tapiaren familia eta ingurua eta Noaua! Kultur Elkartea.

Azaroak 3-12: Alejandro Tapiaren lan erakusketa

Zehaztasunak: "Alejandro Tapiaren lanak ikusi ahal izango ditugu. Berak bereziki maite zituen lanak eta inoiz erakutsi gabeko lanak izango ditugu erakusgai".

Tokia: Sutegiko erakustaretoa.

Ordutegia:

-Azaroaren 3an: 18:00-20:00.

-Azaroaren 4, 5, 11, eta 12an: 12:00-14:00 / 18:00-20:00.

-Azaroaren 8, 9 eta 10ean: 18:00-20:00.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Alejandro Tapiaren familia eta ingurua eta Noaua! Kultur Elkartea.