Urriaren 20an jauzi egin zuen Euskal Herriko zinemetara Altzoko "Handia"ri buruzko filmak. Arrakasta itzela izaten ari da, iraileko Donostiako 65. Zinemaldian estreinatu zutenetik.
Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen ikus-entzunezkoa NOAUA! Kultur Elkarteak azaroko lehen hamabostaldi honetarako antolatu dugun Kulturaldira ekarriko dugu. Igande honetan, azaroaren 5ean (igandea) iluntzeko 19:30etan Sutegiko auditorioan ikusi ahal izango dugu. Aurretik, proiektu honetako bi kide, Joseba Usabiaga aktoreak eta Joxe Mari Goenaga gidoilariak filmaren nondik norakoak aurkeztuko dizkigute.
Emanaldia ikusteko jende ilara luzea izango da Sutegi atarian, sarrera guztiak agortu baitira.
"Haundia"
Zuzendariak: Jon Garaño, Aitor Arregi.
Gidoia: Jon Garaño, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, Andoni de Carlos.
Musika: Pascal Gaigne.
Ekoizleak: Irusoin, Kowalski Films, Moriarti Produkzioak eta Aundiya Film A.I.E.
Iraupena: 114 minutu.
Aktore taldea: Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Ramon Agirre, Aia Kruse, Iñigo Aranburu.
Sinopsia: "Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat".
Sarrerak: 6 € (aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Informazio gehiago: handiafilm.com