"155.aren kontra demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" aldarripean, hainbat eragileek larunbat arratsalde honetarako Bilbon (17:00etan Kasillatik) deitu duten manifestaziorantz abiatu da usurbildar eta lasartearren autobusa arratsaldeko 15:30ak pasatxoan Oiardo Kiroldegi paretik. Ondoko argazkian duzue Bizkaiko hiribururantz joan den herritar taldea.
Eragile politikoen artean, EHBilduk eta Ahal Dugu Podemosek bat egin dute mobilizazioarekin. Baita euskal gehiengo sindikalak eta Gure Esku Dago mugimenduak ere. Usurbilen EHBilduk eta Gure Esku Dagok ere atxikimendua adierazi diote Bilboko manifestazioari.
Espainiar estatuak duela astebete onartu eta azken egunotan aplikatzen ari den Espainiako Konstituzioaren 155. artikularen aurka protesta egingo dute milaka herritarrek Bilboko kaleetan zehar. Azken ordu eta egunotan nabariak dira hartu dituzten neurriak; Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernuaren agintea bereganatu edota abenduaren 21erako hauteskundeak deitzeaz gain, azken erabakiak, ostegun arratsaldean hartu zituzten. Generalitate osoa espetxeratzea agindu zuen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak.