"Landareak lantzen" gida-liburua aurkeztu dute Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 5a, 11:14

Gida-liburu praktikoa, irakurri, informatu eta landareei buruzko jakintzan sakontzeaz gain, idatzi edo marrazteko aukera eskaintzen diguna; horretarako eta gehiagorako baliagarria baita "Landareak lantzen, 2018ko gida-liburua" (Argia), Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak landutako argitalpena. Zer landare eta nola zaindu, lanok antolatzeko lagungarria suertatuko zaigun lan tresna, tamaina egokikoa, eramateko erraza.

Urte sasoien azalpena, Euskal Herriko klima mapa eta urteko ilgora-ilbeheren eta ilberri-ilzaharren zikloen egutegia jasotzen dituen argitalpena arrakasta itzela izaten ari da. NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan, larunbat goizean Potxoenean egin zuten aurkezpenean bi egile usurbildarrek ziotenez, lehen edizioa agortzear da, bigarrena plazaratzera doaz.

Jakintza idatziz jasotzeko gonbita

Eremu honetan dihardutenen jakintza galtzen saihestea nahi lukete. "Izugarrizko jakintza galtzen ari gara", zioen Errekondok Potxoeneko aurkezpenean. Guztia zergatik eta jakintza buruan gordetzeagatik, idatziz ez jasotzeagatik. Ikasteko, hobetzeko, etorkizunean erabaki egokiak hartzen laguntzeko ordea, Jakobak zioen, "nahita nahiezkoa da lehenago zer gertatu den jakitea". Alegia lehenago zer landatu den, noiz edota non. Horretan ezin lagungarriagoa eskuragarri dugun "Landareak lantzen".

Aipatu moduan, irakurri eta informatzeaz gain, argitalpena geronek erabili dezakegu eta, idatzi, baina baita marrazteko ere. "Erreibindikatzen dut ez bakarrik idaztera, marraztera ere ausartzera. Oso sinple, eskema batekin, beldur hori kendu, errotulagailua sartu baina marrazteko", luzatzen du gonbita Antton Olariagak. Marrazkilaria sortze lan betean aritu zen aurkezpenean, Jakoba Errekondok azalpenak ematen zituen artean. Bertaraturikoak, marrazki eder eta pertsonalizatudun liburu sinatuekin irten ziren Potxoeneatik. 40 urte bete berri dituen Zakilixut-en egile usurbildarrak sortu ditu "Landareak lantzen" gida-libururako ilustrazioak.