Begi bistako ikusmina eragin du NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan antolatu dugun "Handia" filmaren proiekzioak. Jende ilara luzea sortu zuen bart hitzorduak, Sutegiren bueltan. Gero, auditorioan ez zegoen eserleku huts bakar bat ere. Pentsa, ostiral goizerako sarrera guztiak agortuak zeuden.
Arrakasta itzela izan zuen igande iluntzerako iragarria genuen emanaldiak. Aktore protagonistetako baten, Altzoko "Handia"ren anaiarena egiten duen Joseba Usabiagaren eta filmeko gidoilarietako baten, Joxe Mari Goenagaren parte hartzearekin abiatu genuen hitzordua. "Altzoko erraldoiaren istorioa kontatzen du. Baina Altzoko erraldoiaz haratago joaten saiatu gara, Martinen, bere anaiaren eta Migel Joakinen erlazioa erakustea eta bertan beste gai batzuk jorratzea", adierazi zuen Joxe Mari Goenagak.
"Handia" urriaren 20an estreinatu zuten Euskal Herriko zinemetan. Duela bi aste pasatxo alegia. Halere proiekzioa Sutegi goraino bete zuen atzo. "Hirugarren astean gara. Inguruan filma ikusteko tentazio batzuk izan dituzue baina eskertzen dugu bi aste itxarotea halako leku polit batean "Handia" ikusteko", adierazi zien Usabiagak, eskerrak helaraztearekin batera, auditoriora bertaraturikoei.
Bigarren emanaldia astelehenean
"Handia" filmaren emanaldirako sarrerak ostiral goizean agortu eta jendeak sarrera eske segitzen zuela ikusita, astelehenean (azaroak 6) "Handia" bigarren aldiz proiektatzea erabaki dugu. Iluntzeko 19:30etan Sutegin. Sarrerak salgai izango dituzue gaur bertan NOAUA!ko egoitzan, edo emanaldia hasi aurretik 19:00etatik aurrera Sutegin bertan. Txartelak 6 eurotan eskuratu ahalko dituzue, 4 eurotan NOAUA!ko bazkideok.
Bazkideok merkeago edo doan
NOAUA!ko bazkideok kultur elkarte honetan ekitaldietarako sarrerak merkeago izaten dituzue edo doan ere eskura ditzakezue, egin ohi ditugun zozketen bidez. "Handia" filma ikusteko bi sarrera zozketatu genituen NOAUA! kideon artean ostiralean. Eñaut Lasarte Agirreri egokitu zaizkio. Zorionak!
Zu izan zaitezke NOAUA! K.E.-k antolaturiko hurrengo zozketetako onuraduna, antolatzen ditugun ekitaldietako beherapenez goza dezakeena. NOAUA!ko bazkide ez bazara, etorri kultur elkarteko egoitzara. Segituan tramitatuko dizugu bazkidetza.