Urriaren 16an Iruñean abiatu zirenez geroztik, Euskal Herria zeharkatzen ari da "Lan duina, bizi duina" aldarripean, prekarietatearen aurka LAB sindikatuak antolaturiko ekimen ibiltaria. Astelehen honetan gure artera heldu da. Urbil merkatalgunean hasi dute eguna, prekarietateari eta lan baldintzei buruz hitz egiten aritu dira bertako langileekin. Honako talde argazkia atera dute hipermerkatu atarian.
Eguerdian eskuorriak banatuko dituzte autobus geltokietan eta iluntzean Lasarteko Okendo plazan info gunea kokatuko dute.
Biharamunean, azaroaren 7an Hernanin, “eguna lan osasunaren egoera salatuz hasiko dugu. Ostean, “Ekintza sindikal berria” tailerra egingo dugu. Bestalde, ekitaldi nazionala burutuko dugu Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta”. LAB sindikaturen ekimen ibiltari hau urriaren 16an Iruñean abiatu zuten. Euskal Herria zeharkatu ostean, abenduaren 6an amaituko dute Durangon.
"Garaia da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatuko dugu herriz herri, eskualdez eskualde. Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitzaren sostengarritasuna, bizitza duinerako eskubidea, alegia, erdigunean jarri behar dugu. Kapitala eta merkatuak erdigunean kokatzetik bizitza erdigunean jartzera pasatu behar dugu, eta horrek lan guztien aitortza eta defentsa egitea dakar, guzti-guztiena", diote LAB sindikatutik.
Azaroak 6, astelehena
10:00 Prekarietateari aurre egiteko LABen proposamenak Urbil merkatalgunean.
12:00 Eskuorri banaketa Lasarteko autobus geltokietan.
18:00-19:30 Info gunea Lasarteko Okendo plazan.
Deitzailea: LAB sindikatua.