Espainiako Auzitegi Gorenak San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 6a, 17:40

EAEko Auzitegi Nagusiak adierazitakoa berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak: 2014ko San Marko Mankomunitatearen aurrekontuak baliogabetu ditu. Honenbestez, aurrekontuon aurka Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo Udalek duela hiru urte jarritako helegiteari arrazoia eman die Espainiako Auzitegi Gorenak.  

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia eta haren ondorioan baloratzeko agerraldia deitu dute Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udal ordezkariek, astearte goiz honetarako (azaroak 7), San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan.

Jasotzen ez den zerbitzua ordaindu beharra

Helegitearen berri emateko aurreko legealdiko udalerrietako alkateek 2014k apirilean Donostian eginiko agerraldian ziotenez, "Hernani, Usurbil, Lezo, Astigarraga, Oiartzun eta Pasaiko herritarrak, Donostia, Urnieta, Lasarte eta Errenteriko bilketaren parte bat ordaintzera zigortu nahi dituzte PSE-PNV-PP hirukoteak, horretarako mankomunitateko estatutuak urratu behar badituzte ere". 

Kalkuluen arabera, dagokiena baino gehiago ordaindu beharko lukete atez ateko bilketa sistema indarrean duten sei udalerriok;  atez ateko bilketak berak eragindako gastuak, eta gainerako udalerrietan martxan duten edukiontzien bilketak eragindako kostuen zati bat hain zuzen. Zenbakitan, Mankomunitateko aurrekontuek jasotakoaren arabera, milaka euro gehiago ordaindu beharko lituzkete hondakinak atez ate biltzen dituzten San Markoko sei udalerriok, euren lurretatik kanpo, gainerako udalerriek egiten duten hondakinen bilketagatik:

-Usurbilek 3.000 euro gehiago.

-Astigarragak, 30.000 euro gehiago.

-Lezok, 35.000 euro gehiago.

-Oiartzunek, 60.000 euro gehiago.

-Pasaiak, 93.000 euro gehiago.

-Hernanik, 114.000 euro gehiago.

2014ko aurrekontuok San Marko Mankomunitateko estatutuak urratzen zituztela salatu zuten sei udalerriotako alkateok. Araudiak dioena ekarri zuten gogora. San Markoko estatutuek diotenaren arabera, "soilik Mankomunitateko gastu orokorrak banatuko dira proportzionalki udalerrien artean, beren populazioaren arabera". Eta gaineratu zutenez, Mankomunitateak hondakinak tratatzeko eskumena du. Bilketarena ez, hondakinak biltzeko eskumena udalena da.

Legitimaziorik gabeko kudeaketa

Trikimalutzat jotzen zuten erabaki honekin, San Marko Mankomunitateko lehendakari Denis Itxasok bosgarren edukiontzia inposatu nahi zuela zioten  Koldo Mitxelenan. 5. edukiontzia, "zero kostean"eskaintzen ari zela, "baina haren gastuak udalerrien guztien artean banatu nahi ditu". San Markoko orduko agintariek, Mankomunitatea osatzen zuten udalerrien errealitatearen aurka zihardutela salatu zuten. PSEk alkaterik ez baitzuen 10 udalerrietan, eta horietatik bederatzitan Bildu zegoen. Mankomunitatea legitimazio demokratikorik gabe kudeatzen ari zela zioten sei alkateek, "mankomunitatearen onerako baino, bere interes politikoak aurrera ateratzeko".

Horregatik, udalerri bakoitzak hartutako erabakiak aintzat hartu eta guztien mesederako politikak sustatzea eskatu zuten, Oiartzun, Lezo, Pasaia, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo alkateek. 

2017koak ere auzitara

San Marko Mankomunitateak 2017ko aurrekontuak behin betiko onartzeko hartutako erabakia Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurritzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak uztailaren 26ko osoko bilkuran, udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, EAJ aurka eta PSE abstentzioa) berretsitako alkatearen dekretu bidez. Usurbilgo Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu zituzten.

San Marko Mankomunitateak apirilaren 28an hasieraz onartu zituen 2017ko aurrekontuak. Erreklamazioa aurkeztu zien Udalak, apirilaren 27ko osoko bilkuran udalbatzak hala erabakita. Mankomunitateak ordea erreklamazioa aintzakotzat hartu ez eta ekainaren 6an ia 31 milioi euroko aurrekontuok behin betiko onartu zituen. Behin betiko onarpen hau auzitara eramatea erabaki zuen udan Udalak.

Hirugarren urtez, auzitara

Hirugarren urtez jarraian, San Marko Mankomunitateak onarturiko aurrekontuak auzitara eramatea erabaki zuen Usurbilgo Udalak joan den apirilaren 27ko osoko bilkuran. Zergatia; aurreko bi urteetan bezala, baliatzen ez dituen zerbitzu eta azpiegiturengatik gainkostu bat ordaintzera behartua aurkitzen baita berriz Udala. "Bidegabea da", zioen Xabier Arregi alkateak, osoko ohiko bilkura hartan.

Zilegi iruditzen zaio gobernu taldeari, erabilitako Mankomunitateko zerbitzu eta azpiegiturengatik diru ekarpena eginaraztea Udalari, baina edukiontzien sistema duten udalerriek bilketarako baliaturikoak ordainaraztea ez. Gogoan izan, Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Hernani udalerriek osatzen dute San Marko. Hondakinen kudeaketa eredu ezberdinak ditu indarrean; udalerri batzuetan atez atekoa, besteetan edukiontzien sistema.

Apirilaren 27ko osoko bilkuran, gaia auzitegietara eraman eta Udala auzitegietan ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu ziren. Proposamena gehiengo osoz onartu zen EHBildu, eta baita, PSE-ko udal ordezkariaren aldeko bozkekin. Aurka bozkatu zuen EAJ udal taldeak. Jeltzaleek hain zuzen, auzitegietara jo aurretik negoziazioaren bidea jorratzen segitzeko eskaera luzatu zioten gobernu taldeari, politikarien lana arazoak konpontzea dela adieraziz. San Marko Mankomunitateak Usurbilgo udalerria ordainaraztera behartu nahi duen gainkostua ez zaiela egoki iruditzen gaineratu zuten. Gobernu taldetik ordea, San Markoko ordezkariek jarrera malguagoa erakustea espero zutela adierazi zuen alkateak. "Bileretan ez dugu sumatu" ordea. Adostasunera heltzeko egin beharreko saiakerak eginda, eta honetaraino iristea nahiago ez zuten arren, auzibidera jotzea "ezinbestean eman beharreko pausoa" dela gaineratu zuen Arregik.

Aipatu moduan, Udala ez da halako erabaki bat hartu beharrean aurkitzen den lehen aldia. 2014ko aurrekontuak ere auzitara eraman baitzituen. "Bizkaiko Auzitegiak arrazoia eman zigun". Ez bakarrik Usurbilgo Udalari, baita salaketa bera egin zuten Mankomunitateko beste zenbait udalei ere. Baina bestelako hondakinen kudeaketa eredua sustatzen ari diren Mankomunitate bereko udalak eta San Markok berak epai hura errekurritu ostean, alkateak apirilaren 27ko osoko bilkuran berri eman zuenez, "Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain" dira orain. Edozein kasutan, gaurkoz kaleratua dagoen epai bakarra "gure alde" dagoela gogorarazi zuten gobernu taldetik.