Buruntzaldeko EHBilduko hautetsien babes osoa dute Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 7a, 13:05

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) erakundeko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta GHK-ko kide eta ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin auzitara eramateko hartutako erabakia ozen salatu nahi izan dute Buruntzaldeko EHBilduren hautetsi eta hautetsi ohiek atzo, Lasarte-Oriako Villa Mirentxun egin zuten agerraldian. EAJ eta PSE-ko ordezkariek hartutako erabaki hau "mendeku gosean baino ezin dugu kokatu".

EHBilduko kideek bi alderdiok elite ekonomikoekiko duten mendekotasuna agerikoa dela salatu zuten. "Argi geratu da ez dutela eskrupulorik haien intereseko makroproiektuetan oztopo izan daitezkeenak erasotzeko. Eta hori mendeku gosea besterik ez da", Buruntzaldeko EHBilduren udal hautetsi eta hautetsi ohien esanetan.

EAJ eta PSE-ko egungo agintariei mendekuaren bideari amore ematea galdegin eta Intxaurrandietari eta Errazkini babes eta elkartasun osoa helarazi zieten: "Auzi honetan ez zarete bakarrik egongo". Gaineratu zutenez, "bere momentuan hartutako erabakiak oso ausartak eta koherenteak izan ziren hauteskunde kanpainan adierazitakoa kontuan hartuz. Beraz, zilegitasun osoz hartutako erabakiak izan ziren", argudiatu zutenez, "ingurumenean, herritarren osasunean eta gipuzkoarren ekonomian izango zuen kaltea onartezina zelako".

Denboran atzera egin zuten agerraldian. 2011ko udal eta foru hauteskundeak baino astebete lehenago, GHK-ko kide berriek karguak hartu baino lehen, EAJ eta PSE alderdiek errauskailuaren proiektua FCCri esleitu zioten. EHBilduk gero, hauteskundeak irabazi eta kanpainan iragarritakoa bete zuen; errauskailua baztertzen zuen hondakinen tratamendu alternatiboa jasotzen zuen plana landu eta aurkeztu zuten. 2013ko azaroa erraustegia eraikitzeko lanen kontratua eten zuten, kontratistek eta orduko GHK-k erdietsitako akordioari esker. Erabaki harengatik auzitara eramango ditu egungo GHK-k, orduko agintariak; Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin.