Zumarte Musika Eskolaren birgaitzeari lotutako erabaki berriak

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 7a, 11:46

Musika Eskolaren eraikina berritu eta handitze lanei begirako bi erabaki garrantzitsu hartu zituen udalbatzak, urriaren 31n egin zuten osoko bilkuran. Batetik, ekainaren 27ko osoko bilkuran 2 milioi euroko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak proiektu honen gastuei aurre egin ahal izateko. Kreditu hau mailegu baten bidez finantzatzea erabaki zuten. Aurreko asteko osoko bilkuran urrats berri bat eman zuen udalbatzak; 2 milioi euroko kreditu eragiketa Kutxabank entitatearekin egitea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Herriko banketxeekin hartuemanetan izan da Udala, aipatu pleno horretan udal gobernu taldetik zioenez. Eskatutako baldintzak hobekien betetzen zituen proposamena Kutxabank-en eskutik jaso zutela adierazi zuen. Baldintza hauetan adostu dute 2 milioi euroko mailegua:

-Kopurua: 2 milioi euro.

-Epea: 10 urte.

-Gabealdirik gabe.

-Amortizazio finkoa, hiruhilean behin.

-Interes-tasa: urteko Euriborra+0,40 puntuko diferentziala.

-Aldaketako epealdia: urtekoa.

-Komisiorik gabe.

-Biribilketarik gabe.

-Erabiltzeko epea: 2 urte.

-Bermea: Udal Finantzaketako Foru Funtsa.

Plan-ekonomiko finantzieroa mahai gainean

Mailegu eskaera honek bigarren erabaki bat hartzea behartu du Udala. Maileguak eragindako zorpetzeak Udalak azken urteotan egin beharrik ez zuen 2017-2020 urtera arteko plan ekonomiko-finantzieroa lantzea ekarri du. Ekainaren 27ko osoko bilkuran kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak eta plan finantzario hau lantzeko prozedura abiatu. Plan hauxe eraman zuen udal gobernu taldeak urriaren 31n egin zuten osoko bilkurara. Baina aho batez momentuz mahai gainean uztea erabaki zuen udalbatzak, ahalik eta Aldundiaren baiezko formala jaso arte, udal gobernu taldetik aditzera eman dutenez. Udala Aldundiarekin elkarlanean lantzen dabil hain zuzen, aipatu plana.