Erraustegiari buruzko ikerketa epidemiologikoa egitea erabaki du proiektu honek arriskurik ez dakarrela defendatu izan duen Foru Aldundiak, eta lan hau egiteko ardura esleitu zion udan Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuari. Ikerketa honen harira, Biodonostiaren hainbat gutun jasotzen hasi dira hainbat herritar. Gutun honetan, ikerketan parte hartzera deitzen da. Asmoa, erraustegitik gertu bizi direnen herritarren osasun egoera eta ingurumenaren kutsadura aztertzea dira, erraustegia eraiki aurretik eta ondoren. “Horretarako, beharrezkoa da lagin biologikoa lortzea eta galdeketa motz bat egitea”, dio Biodonostiaren gutunak.
Ikerketan parte hartzea onartzen duenak anbulatoriora joateko hitzordua jasoko duela adierazten da. Odol eta gernu-lagin bat aterako litzaioke ikerturiko herritarrari. “Hartara, metal astunen mailak neurtuko dira (merkurioa, beruna, kadmioa, kromoa, artsenikoa, kobrea, nikela, zinka eta manganesoa), bai eta substantzia organiko kloratuak, dioxinak, furanoak eta dioxina motako PCBak ere. Horretaz gain, inkesta txiki bat egingo dizute zure bizi-ohitura, dieta, zeregin eta abarrei buruz, laborategiko emaitzak hobeto interpretatu ahal izateko”, dio gutunak.
Boikoterako deia
Gutunok argitara eman ditu sare sozialen bidez Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta galdera argia plazaratu: “Erraustegiak arriskurik ez badu, zertarako azterketa hauek?”. Gutun honek erraustegiak herritarron osasunerako ondorioak dakartzala argi uzten duela diote. Ikerketa honetan parte hartu ez eta salaketarako deia egin dute.