“Kritika moduan erabiltzen den esaldi bat gureganatu dugu”

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 9a, 09:26

"Erradikalak zarete" esaten digute. Eta "nahi eta behar baino gutxiago" pentsatzen dugu. Bi emakume elkartu gara eta maletak kontraesanez beteta dakartzagu, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara iritsi nahian". Larunbatean 20:00etan Sutegin, NOAUA!ren eskutik, “Erradikalak gara” bertsoa eta bakarrizketa uztartzen dituen emanaldia Ane Labaka bertsolariaren eta Bea Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariaren eskutik.

Zuen arteko elkarlana nondik sortu zen?

Ane Labaka: Beti diot halakoetan oinarri oinarrian badela elkarrekiko miresmena. Noizbait esplizitatu genuen elkarrekiko miresmen hori eta une horretan esan genuen ederra zitekeela elkarrekin zerbait egitea. Urtero udaberriko bertso saioa egiten da Lasarten, bertsolaritza eta beste diziplina bat nahastuz. Kasu hartan, herriko antzerki taldeko kideen bakarrizketekin egin zen. Beak eraman zuen emanaldiaren hari guztia. Oso ondo sentitu zen, arrakasta itzela izan zuen saioak. Saio hura izan zen, genuen asmoa gorpuzten hasteko abiapuntua. Bakarrizketa eta bertsoen arteko elkarrizketa modukoa izango zela erabaki genuen. Ia urtebete pasa genuen sorkuntza prozesuan, gidoia idazten lehenengo, eta azken hilabeteetan eskenaratzen.

Bea Egizabal: Biok gara lasartearrak. Feminismotik egon gara elkarrekin. Elkarrenganako miresmen puntu hori dago. Inprobisaketan aritzen garelako, bazegoen zerbait elkarrekin egin eta bi diziplinak uztartzeko gogoa.

Inprobisazioak batu zaituzte?

B.E.: Batez ere feminismoak eta bakoitzak bere lan esparrutik elkarrenganako miresmenak. Emanaldia lantzen joan ginen eta hau atera da. Lanku bekara aurkeztu eta irabazi egin genuen. Bidean lan asko egin dugu, baina gozagarria izan da. Ikuskizun honek badu inprobisaketarako tartea, baina prestatua dago.

A.L.: Argi genuen hasieratik ahalik eta gutxien urrundu nahi genuela bakoitzak egiten duenetik. Biok ahalik eta erosoen egongo ginen espazio bat sortu nahi genuen.

Bakarrizketak bertsolaritzatik badu zerbait, eta alderantziz?

A.L.: Bitxia bada ere, bapatean aritzen naiz bertsotan, baina emanaldi honetan gehienbat bertso idatzietan oinarritu naiz. Beak alderantziz egiten du, asko bilatzen du publikoaren uneko erantzuna. Testua ikasita izan arren, leku bakoitzean aldatu egiten du. Bera hemen eta orain aritzen da, bertsolaritzaren ezaugarri bat hori da.

B.E.: Bertsozaletzen ari naizen aldetik, iraultza txiki piloa egin dira urteotan, baina beste bat gehituko nuke, bertso saio serio edo formaletatik ze lan egin duten ateratzeko. Diziplina zurrun batetik irten eta beste diziplina batzuekin uztartzea, beste iraultza txiki bat izan da.

Erradikal hitzari ze zentzutan baliatu nahi izan duzue?

A.L.: Oso kontziente ginen epaituta dagoen kontzeptu bat dela. Hasteko probokazio bat da izenburu hori. Jendeari jakinmina sortzen dio. Bestalde erradikalak etimologikoki erroetan dagoena esan nahi luke. Gauzak aldatuko badira erroetara jo behar dela sinesten dugu. Erradikala izatea zerbait negatiboa izan beharrean gizarte honek ikusten duen moduan, kontrakoa dela, positiboa.

B.E.: Feminismoari egin izan zion kritiketako bat izan da, erradikalak zarete. Hortxe zegoen izenburua. Kritika moduan erabiltzen den esaldi bat gureganatu dugu.

Ikuspuntu feministatik landu duzue?

A.L.: Askotan galdetzen digute ia feminismoa oten den gaia. Ez. Mila gai ukitzen dira; amatasuna, biolentzia, bertsolaritzan emakumeek duten presentzia, euskalduntasuna, aniztasuna…. Baina denak lotzen dituena, zeharlerro moduan, ikuspegi feminista da. Elkarrenganako miresmena ere hori partekatzetik dator. Oholtzan zaudenean publikoari eragiten ari zara. Biok eragiteko hori feminismotik ikusten dugu.

Leku desberdinetan emanaldiak. Pozik harrerarekin?

B.E.: Lan duina egin nahi genuen. Hasieratik erantzunak gainditu egin gintuen. Harrera oso ona ari da izaten. Ahoz ahokoa oso ondo ari da funtzionatzen. Azaroan 11 bat emanaldi ditugu, piloa dira eta oso pozik gaude. Umorea eraldaketarako tresna gisa erabiltzea izugarria da.

A.L.: Martxotik 23 bat emanaldi eskaini ditugu, pozik gaude. Ez genuen azaleko zerbait egin nahi. Umorea oso presente dago, baina ez da azaleko umore bat. Umore horrek eskatu edo bilatzen du publikoari barrenak mugiarazi edo deseroso sentiaraztea. Bakoitza eramaten baitu gogoeta pertsonalak egitera.

“Erradikalak gara”

Eguna: azaroak 11, larunbata.

Ordua: 20:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sarrerak: 7€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 5€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.