Ia 2.000 herritarrek aurkeztu zituzten urriaren 23ra arte finkatua zegoen epearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzu publikoetan aplikatu asmo dituen murrizketen aurkako alegazioak. Udalak ere gauza bera egin zuen. Horrez gain, gai honi lotutako mozioa onartu zuen udalbatzak urriaren 31n egin zuten osoko bilkuran, EHBildu eta EAJ-ko ordezkarien babesarekin. Aurka bozkatu zuen PSE-k. Gogoan izan, ospitalera doan autobus zerbitzua eten eta Hernanira doana Santuenea eta Zubietatik desbideratu asmo du Aldundiak.
Egokitzekotan, erabiltzaileak kaltetu gabe
Autobus zerbitzuetan egokitzapenak egin daitezkeela zioen alkateak aurreko asteko osoko bilkuran, baina beti ere zerbitzuaren kalitatea bermatuz, herritarrei zerbitzu egokia emanda. Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurraldeko Antolaketako ordezkariekin egin zuten bileran, murriztu asmo dituzten garraio zerbitzu publiko hainbat dauden bezala ezin direla sostengatu, Aldunditik mezu hauxe helarazi ziotela Udalari nabarmendu zuen Xabier Arregik. Udal gobernu taldetik erantzun zioten, zerbitzua defizitarioa izatea ez dela nahikoa arrazoi murrizketak aplikatzeko. “Garaiz gaude aurrelanketa bat egiteko”, zioten EHBildutik azken osoko bilkuran.
Mozioaren alde agertu zen baita EAJ udal taldea. Egungo garraio zerbitzu publikoak berraztertu beharko direla zioen Josune Urkolak, beti ere “derrigorrezkoa bada”. Baina ondo aztertu behar dela gaia, “garraio zerbitzu publikoaren alde eginda” beti.
PSE-ren udal ordezkari Fermin Oruek gai honi buruzko nobedadeak ekarri zituen osoko bilkurara. Bere esanetan, Hernanira doan autobus zerbitzua dagoen bezala geratuko omen da. Astebete lehenago, foru ordezkariekin eginiko bileran izan zuela horren berri zioen. Aldundiak emandako zerbitzuon erabilera datuak plazaratu zituen, zerbitzuok erabiltzaile gutxi dituztela argudiatu zuen.
Mozioko puntuak
Honatx Usurbilgo Udaleko udalbatzak onarturiko mozioko puntuak:
1-Tolosa, N-1, Buruntzaldea eta Donostiako loturak izeneko bus-zerbitzuaren esleipena bertan behera utz dezala eskatzen dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari.
2-Zerbitzu horren ezaugarriak eta esleipena nolakoa izango den lantzeko, herritarrekin, udalekin eta gizarte-eragileekin prozesu ireki bat martxan jar dezala eskatzen dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari.
3-Usurbilgo Udalak eskatzen du gaur egun herrian ematen diren bus-zerbitzu eta linea guztiak mantentzea, eta, egitekotan, hoberako aldaketak egitea.