"Zubietako kasua gure akatsa izan da eta onartzen dugu. Ez dugu Zubietako lotura kenduko"

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 9a, 13:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteazkenean egindako osoko bilkuran adierazi zuen eta gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan mezu bera errepikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak, pil-pilean den garraio zerbitzu publikoei lotuta iraila hasieran Foru Aldundiak argitara emandako aurreproiektuan proposatzen diren murrizketen harira.

Gogoan izan, Aginagatik ospitalera doan autobus zerbitzua ezabatzea planteatzen du Aldundiak. Usurbildik Hernanira doan autobus zerbitzua, Santuenea eta Zubietatik desbideratu asmo dute baita. Azken zerbitzu honen inguruan Garmendiak adierazi duenez, "Zubietako kasua gure akatsa izan da eta onartzen dugu. Hori ez da kenduko", hitzokin adierazi du Garmendiak gaur Euskadi Irratian Zubietako geltokia (eta aipatu ez badu ulertutzat jotzen da Santueneakoa baita) mantendu egingo dutela. Orain arte bezala igaroko dela alegia, Hernanirako nahiz Usurbil alderako autobusa ingurune horretatik.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo egindako osoko bilkuran ere gauza bera errepikatu zuen. EHBilduk eta Ahal Dugu-Podemosek garraio zerbitzu publikoetan aurreikusten diren murrizketen harira ebazpen-proposamen bat aurkeztu zuten. Ika-mika bizia piztu zen batzarkideen artean. Eztabaidan zehar, Zubieta eta Usurbili lotutako zuzeneko erreferentziarik ez zen falta izan. 

"Zubietako lotura ez dugu kenduko, nahiz eta erabilera eskasa izan. Akatsa onartzen dut", zioen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak hitza hartu zuenean. Ospitaleetarako autobus zerbitzuei, Aginagatik harantz doana zuzenean aipatu gabe adierazi zuen, 2018. urtea amaitzerako Buruntzaldeko zerbitzu gehienak igaroko direla bertatik. 

Murrizketen aurkako proposamena, ez onartua

Garraio zerbitzu publikoei lotutako aurreproiektu honen aurrean alegazioak aurkezteko aukera izan zuten gipuzkoarrek joan den urriaren 23ra arte. Garmendiak, udalerri honetan 2.000 herritarrek alegazioak aurkeztu dituztela zioen, autobusen enpresetatik jaso dituzten datuen arabera ordea, askoz gutxiago direla zerbitzuetako erabiltzaileak. Haserrea eragin zuten hitzok oposizioko taldeen artean. EHBildutik eta Ahal Dugu Podemosetik, herritarrek oro har alegazioak aurkezteko duten eskubidea defendatu beharrean aurkitu ziren. Eta Aldundiak planteatzen dituenak ez dire zerbitzuen birmoldaketak, murrizketak baizik.

Osoko bilkurako eztabaida, EHBilduk eta Ahal Dugu Podemosek gai honen inguruan aurkeztutako ebazpen proposamenak eragin zuen. Aldundiak aurkeztutako aurreproiektua bertan behera utzi eta herritar nahiz eragileekin gai honi irtenbide adostu bat ematea eskatzen zuten. Proposamena ordea atzera bota zuten gainerako alderdiek. EAJ-k eta PSE-k gainera osoko zuzenketa aurkeztu zioten proposamen honi, eta hau bai, Batzar Nagusietan duten gehiengoa baliatuz onartu egin zuten.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako atzoko osoko bilkura gertutik jarraitu zuten Buruntzaldeko hainbat udal ordezkariek; tartean, Usurbilgo Udaleko zinegotzi Jone Urdanpilletak.

Irudia: EHBildu.