Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trenbide sareko segurtasuna hobetzeko urrats berri bat eman du Eusko Jaurlaritzak. Mundu mailan aitzindaria den teknologia baliatuta, ikusmen artifizialeko teknologia hain zuzen, trenbide pasaguneetako segurtasuna hobetzen hasi da. "BEGICROSSING© izeneko sistema, Dominion taldeko BEGIRALE Controlling Risk startup-ak diseinatu du, eta ikusmen eta adimen artifizial teknologien erabileran oinarritzen da. Trenbide pasaguneetan egon daitezkeen arazoak goiz antzematea errazten du, igarobideko oztopoak identifikatuz edo trenbide pasaguneko azpiegiturako segurtasun elementuren baten akatsaz jabetuz, besteak beste". Jaurlaritzatik diotenez, teknologia honek denbora errealean lan egiten du eta "jarduketarako denbora eta gerta daitekeenaren ondorioak asko murrizten dira".
Vicomtech Fundazioak lagundutako proiektu berri hau proba moduan hainbat hilabetez indarrean izan dute Basaurin. Aplikatzeko lehen faseko lanak egin dituzte Bizkaian 6 trenbide pasaguneetan: Amorebietan (2), Asua-Erandion, Berrizen, Muxikan eta Gernikan martxan dute BEGICROSSING© sistema. 2018an bideratuko duten lanon bigarren fasearen baitan aldiz, Gernikara, eta Gipuzkoara hedatuko omendu dute; Errenteria, Irun, Hendaia eta Usurbilera. Usurbilen Txokoaldeko pasabidean instalatuko omen dute teknologia berri hau.
"Aurkezturikoa segurtasuna hobetzen laguntzeko diseinatutako soluzio teknologikoa da, arriskuak, kalteak edo, kasurik okerrenean, istripuak sor ditzaketen egoerak garaiz identifikatzeko balio duena, trena errepideetako ibilgailuekin eta oinezkoekin batera elkarrekintzan ari den guneetan", berri eman du Jaurlaritzak.