Joseba Tapia eta Besamotzak taldekoen disko berriko lehen kontzertuak borobilduko du igandean, NOAUA!ren Kulturaldia

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 11a, 09:17

Laster hogei urte beteko dira bakarkako ibilbideari ekin zionetik, baina Joseba Tapiaren disko berriak ez du omenaldi edota nostalgia kutsurik. Igande honetan Sutegin arituko da, Besamotzak taldearen babesean eta etxekoen epelean.

 

NOAUA! 1998an hasi zenuen bakarkako ibilbidea. 20 urte beteko dira laster. Disko honetan, ukitu berriz moldatu dituzu jada argitara emanak zeuden hainbat kantu. Bilduma bat den aldetik, lan honek zenbat du ospakizunetik? Edo urteurrenarena kasualitate hutsa al da?

Joseba Tapia. Hogei urte? Kantuka neurtuko nuke nik denbora, denbora artistikoa, nolabait esan. Plazaratu ditut batzu-batzuk, baina ez dut uste publikoak entzun ere egin dituenik. Oker egon ninteke, noski. Agian entzun ditu eta ez ditu maite. Orain jantzi berriarekin entzunarazi nahi dizkiet, badaezpada.

 

Ibilbide luze bat osatu duen kantariak Singleak, Bitxikeriak, Onenak edota ‘Greatest hits’ bezalako bildumak egiteko joera du. Kasu honetan, zein izan da kantuak hautatzeko irizpidea? Rock estilora hobeto moldatzen direnak hautatu al dituzu?

Ez dira ez onenak ez arrakastatsuenak ez ahaztuenak. Horrelako sailkapen bat egitez gerotan, entzungabeak edo ezezagunak izango lirateke. Hala ere, guztiok dugu gure barnean kantutegi bat.  Lagun artean kantatzen duguna, bakardadean barrurantz eramaten gaituena, gazte denbora, maitasuna, gure lurra gogora ekartzen diguna. Bestalde, kantari profesionala izanik, kanporaka eta barruraka ari naiz osatzen nire kantutegia aldi berean... Ertz ugari ditu hautaketak. Alderdi teknikotik hartuta, jantzi berrira erritmikoki egokitzen diren kantuak dira denak.

 

Zure errepertorio oparoarekin, akustiko bat ere egin zitekeen. Doinuak limurtuz, kantuak entzunaldi errazera egokituz. Baina rockaren aldeko apustua egin duzu. Adinean aurrera, dezibeloak gora. Zarata pixka baten premia sentitu al duzu? Garai aldrebes hauei aurre egiteko, akaso?

Nire herriko frontoian harrapatu ninduen rockak, hamalau urte nituen. Ez daukat ahazteko. Musika uhin hura, distorsio eta erritmo anabasa zoragarri hark badu loturarik nire lan honetan. Transgresio punttu bat, irreberentzia diatonikoa dago atzean, apika. Baina ez da nostalgia, bizi nahia baizik, kantuei bizi berri bat eman nahia.

“Asko zor diot rockari”

Gitarra klasikoarekin egin zenuen aurreko diskoari lotutako bira osoa. Batzuk, orduan deskubrituko zuten gitarra jotzeko duzun abilezia. Gitarra elektrikoarekin rocka egitea, ordea, beste kontu bat. Zerk eman dizu lan gehien: kantuen rock egokitzapenek ala gitarra elektrikoaren mekanikara moldatzeak?

Egia da, bai, gitarra jotzea da bat eta gitarrarekin rocka egitea beste bat. Rocka hitz handia da, barruaren garrasia dela esango nuke nik. Kantuok ez dira garrasidunak, letrari lotuak daude eta gitarrak ez dauka autonomia berezirik. Asko zor diot rockari, baina ez rockaria. 

 

Gitarrarekin edo trikitixarekin, zure kantuak trangresiotik gertu daude. Rockaren arrimuan ibili zara beti. Hala ere, trikitixarekin lotuta dago zure izena. Oraingo promozio argazkietan, rockero itxura duzu. Neurri batean, argazki horiek ere badute transgresiotik ezta?

Sortu nahi nukeen giroa adierazi nahi izan dut argazkiokin. Bakarkako diskoetan, argazkiek giro pausatu bat adierazteko balio zutela uste dut, eta oraingoan giro bero bat. Arregloek eta distortsioek ere horixe dute helburu.

 

Musikalki, disko berriak Tapia Ta Leturia Banden garaia ekarri digu gogora. Banda baten parte sentitzeko premia al zenuen?

Bai, horrela izan da; bihozkada eta desioa nahastu zaizkit eta gero imajinazioak eraman nau taldearen antolamendura. Jazpana, kitarra apala eta kitarra elektrikoa... Horra hirutasun perfektua.

 

Maitez kantuak, eta besteren batek ere, rock progresiboaren airea du. Estilo horretako taldeetan, musikariak birtuosismotik gertu egoten dira. Halako erreferentziarik izan al duzue grabazio estudioan?

Clifton Chenierrekin hasi nintzen Zydeco musikara hurbiltzen eta Cajun musikara Zachary Richardekin. Akordeoiarekin bluesa jotzen zuten eta frantzesez mintzo ziren Lousianan. Gero Boozo Chavis, Chris Ardoin, Balfa Brothers,... Gehien inpaktatu ninduen Buckwheat Zydeco taldea izan zen. Edmontongo festivalean aurrez aurre ikusi nituen... Soinujoleak erdiko notak erabiltzen zituen bakarrik nahiz eta akordeoi zuri erraldoi hark berrogeita bat tekla eduki. Intuizioz jotzen zuen, larreko musikaria zen. Guk Tapia eta Leturiaren hirugarren diskoan talde honen Hey Ma Petit Fille kantua grabatu genuen.

 

Xoxoaren haserreak eta Biba Berango kantuen egokitzapenei Zaldiboboren aire bat hartu diegu. Mixel Ducaurekin osatu zenuen talde haren kanturik eskainiko al duzu zuzenekoetan? Nola osatuko duzu zuzeneko errepertorioa?

Zaldibobo taldean kitarra elektrikoaren eta trikitixaren arteko borroka egiten genuen eta “Gimik” deitzen genien bien artean egiten genituen fraseoei, batzuetan fandango itxura hartzen zuten, bestetan irlandesa, Ray musika etabar. Alan Holdswords kitarra jolea aipatzen zuen Mixel Ducauk garai hartan. Asko entzun dut neronek ere geroztik. Haren laurdenaren laurdenaren atzetik nabil baina urrun nago oraindik. Baina ez dut Zaldiboboren kanturik kantatuko zuzenean. Nire bakarkakotik hartuko ditut gehienak eta Tapia eta Leturiaren azken garaikotik aleren bat.

“Hiru musikari ariko gara zuzenean”

Joseba Tapia eta Besamotzak izenarekin hainbat saio eskaini zenituzten iaz. Diskoa grabatu duzue eta emanaldi gehiago eskainiko dituzue laster.  Zuzenean nortzuk osatuko dute Besamotzak taldea?

Oraingoz hiru ariko gara zuzenean: Iker Uriarte jazpanarekin, Iñigo Telletxea kitarra apalarekin eta neroni kitarra elektrikoan. Horrez gain programazio batzuk disparatuko ditugu. Diskoan ere sartu ditugu eta zuzenekoan ere erabiliko ditugu.

 

Sutegikoa izango da eskainiko duzuen lehen kontzertua. Gustura aritzen al da bat etxe inguruan?

Etxekoa ez da plazarik errazena izaten. Auzokoak eta lagunak aurrean dituzula dardara handiagotu egiten zait. Hala ere, tentsio pixka batekin hazi egiten gara, lotsagabetu. Dardara hori kudeatzen jakin behar da. Eta lotsagabekeria ere bai… Ez da erraza, ez.

Joseba Tapia eta Besamotzak

Azaroak 12 igandea. 19:00etan, Sutegin.

Sarrera 10 euro. Salgai igandean 18:30etatik aurrera Sutegin.