Denetariko emanaldi eta formatuek tartea dute NOAUA!ren Kulturaldian eta aurten ere ikusi da. Orbeldi D.T.-ko kideek dantza batean jarri ziguten aurreko ostiral iluntzean Sutegin. Euskal dantza tradizionaletan oinarrituriko emanaldi ederra eskaini zuten kultur etxeko auditorioko oholtza gainean. "Guretzako okasio berezi bat da honakoa, ez baikaude ohituak halako auditorioetan dantza egitera", zioten Orbeldiko kideek emanaldia hasi aurreko aurkezpenean.
Halere, gero agerian utzi zuten moduan, mimoz prestaturiko saioa eskaini ziguten. Saioa gainera, Orbeldiko jostunek eginiko lan itzela erakusteko ere baliatu zuten. "Okasioak merezi zuelako baliatu dugu saioa, aurten egin ditugun Orbeldi jantzien aurkezpena egiteko. Mutilentzako jantzia duela bi urte hasi ginen egiten, neskenak aurten egin ditugu. Primiziaz gaur ikusteko aukera izango duzue. Jostun guztiei eskerrik asko egiten duzuen lan guztiagatik, bestela hau ez zelako posible izango. Beraz txaloak beraientzako", txalo zaparrada jaso zuten publiko artean ziren jostunek.
Irudiotan bildu genuen emanaldia. Gipuzkoa eta Bizkaiko euskal dantzak eskaini zituzten, edota 2. Dantza Eguneko koreografietako bat, Sutegirako egokitua: