Gaur 4 urte geratu zuten erraustegia

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 13a, 13:35

Irudi historikoa duzue ondokoa, duela 4 urtekoa, 2013ko azaroaren 13koa. Garai hartako Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) eta Zubietako errauste planta eraiki asmo zuten enpresa taldea biltzen duen UTE Gipuzkoa CGR elkarri eskua emanda. Urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoari bidea ematea, erraustegiko lanak bertan behera uztea adostu zuten. Lau urte beranduago argazki horren albo banatan dituzuen ordezkari politikoak, garai hartako GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin auzitara eramatea erabaki du, EAJ eta PSE agintean dituen egungo GHK-k.

Erraustegia eraikitzeko kontratua etetean, hainbat enpresei kalteordainetan emandako 8,2 milioi euroak bere gain hartu eta diru hori itzultzea eskatuko die GHK-k, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiari eta GHK-ko Administrazio Kontseiluko kide eta aurreko legegintzaldiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkini.

Kalte ordainetan emandako dirua soilik ez, erabaki horrek izandako eraginen kostua ere bere gain hartzea eskatzen die GHK-k: Inbertsioen Europako Bankuak emandako finantzaketan izandako galera, edota hilero 600.ooo euroko SWAP-ek eragindako gaerak, GHK-tik diotenez. 

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: "Herritarren hautua bete zenuten"

Auzitara eraman asmo dituzten ordezkari politikoei elkartasuna adierazia die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Lerro hauek baliatu nahi ditugu mugimenduaren babesa, maitasuna eta sustengua adierazteko Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Herritarren hautua bete zenuten, erabaki zuzena hartu zenuten eta gainera adostutako indemnizazioak ordaindu ziren, legeak eskatzen zuen bezela. Lurraldeari dirutza aurreztu zenioten gaindimentsionatuta zegoen proiektua atzera botaz, osasuna bermatu zenuten, eskerrak ematen dizkizuegu horregatik".

Buruntzaldeko EHBilduko hautetsien babes osoa

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) erakundeko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta GHK-ko kide eta ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin auzitara eramateko hartutako erabakia ozen salatu zuten aurreko astean, Buruntzaldeko EHBilduren hautetsi eta hautetsi ohiek Lasarte-Oriako Villa Mirentxun egin zuten agerraldian. EAJ eta PSE-ko ordezkariek hartutako erabaki hau "mendeku gosean baino ezin dugu kokatu".

EHBilduko kideek bi alderdiok elite ekonomikoekiko duten mendekotasuna agerikoa dela salatu zuten. "Argi geratu da ez dutela eskrupulorik haien intereseko makroproiektuetan oztopo izan daitezkeenak erasotzeko. Eta hori mendeku gosea besterik ez da", Buruntzaldeko EHBilduren udal hautetsi eta hautetsi ohien esanetan.

EAJ eta PSE-ko egungo agintariei mendekuaren bideari amore ematea galdegin eta Intxaurrandietari eta Errazkini babes eta elkartasun osoa helarazi zieten: "Auzi honetan ez zarete bakarrik egongo". Gaineratu zutenez, "bere momentuan hartutako erabakiak oso ausartak eta koherenteak izan ziren hauteskunde kanpainan adierazitakoa kontuan hartuz. Beraz, zilegitasun osoz hartutako erabakiak izan ziren", argudiatu zutenez, "ingurumenean, herritarren osasunean eta gipuzkoarren ekonomian izango zuen kaltea onartezina zelako".

Denboran atzera egin zuten agerraldian. 2011ko udal eta foru hauteskundeak baino astebete lehenago, GHK-ko kide berriek karguak hartu baino lehen, EAJ eta PSE alderdiek errauskailuaren proiektua FCCri esleitu zioten. EHBilduk gero, hauteskundeak irabazi eta kanpainan iragarritakoa bete zuen; errauskailua baztertzen zuen hondakinen tratamendu alternatiboa jasotzen zuen plana landu eta aurkeztu zuten. 2013ko azaroa erraustegia eraikitzeko lanen kontratua eten zuten, kontratistek eta orduko GHK-k erdietsitako akordioari esker. Erabaki harengatik auzitara eramango ditu egungo GHK-k, orduko agintariak; Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeatzaile ohien babesa

Ondoko irudian dituzue, 2011-15 urte artean Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Kontseiluko kide izandakoak. Tartean usurbildar bat; Garbiñe Errekondo. Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka GHK-k abiatzekoak dituen ekimen juridikoak salatu eta babes osoa adierazi zieten duela aste gutxi.

Harrotasuna adierazi zuten hondakinen kudeaketan egindako lanagatik eta emandako urratsengatik. "Mandatu argia eman zitzaigun: erraustegia geldiaraztea, eta zaborrak kudeatzeko alternatiba bat aurkeztea", zioen Ahaldun Nagusi ohi Martin Garitanok. Azpimarratu zutenez, arau hausterik eta bidegabekeriarik gabe hartu zituzten erabaki guztiak. Ekimen juridikookin EAJ eta PSEk aukera politiko bati bidea ixteko nahia baino ez dutela gaineratu zuten.

Irudia: EHBildu.