Andatza M.K.T., Mendi Astera begira

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 14a, 09:44

Igandean (azaroak 12) Arabako Elgea zerra bisitatzen izan zen mendizale taldea duzue Andatza M.K.T.-koek ateratako ondoko irudian. Larrea-Araia arteko bidea osatu zuten Andatzakoek antolaturiko irteeran. Txango honen ostean, datorren Mendi Astera begira dira jada.

Mendizaleena baita azaro amaiera Usurbilen. Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek hutsik egin gabe mendi irteera, bazkari eta proiekzio ezberdinak antolatu dituzte hurrengo asterako, azaroaren 23tik 25era:

Mendi Asteko hitzorduak

Azaroak 23, osteguna

19:30 "K2. Zerua ukitzen" dokumentala Sutegiko auditorioan. Sarrera doan.

"2015eko Bilbao Mendifilm Festibalean aurkeztutakoa eta saritutakoa. 1986ko udan mundu osoko dozena bat herrialdetako espedizioek K2 mendia aldi berean igotzeko egin zuten saiakera kontatzen du filmak, mendian hil ziren 13 eskalatzaileetako lau seme-alabaren begietatik".

Azaroak 24, ostirala:

19:30 "Biziminez" dokumentala Sutegiko auditorioan. Sarrera doan.

"Bi adiskide AEBko errepidean “amets txiki bat betetzen”. Errepideko zeharkaldia bera baino garrantzitsuagoa da barne bidaia: oroitzapen eta bizipen eder eta ez hain ederrak, jolasak, eta negarrez eta umorez gaindituko dituzten bidean aurkitutako oztopoak. Bizitzari buruzko gogoeta sakona, bi adiskideren erretratu zintzoa, bizimina transmititzen duen road movie hunkigarria".

Zuzendaria: Pablo Dendaluze Musika: Juantxo Zeberio. Protagonistak: Antxon Arza eta Josu Iztueta. Iraupena: 42 min.

Azaroak 25, larunbata:

07:30 Usurbil-Zarautz irteera frontoi atzetik, Pagoetatik.

Ondoren, bazkaria Zarauzko Euskalduna jatetxean. Izen ematea: azaroaren 21era arte, 17 euroko ordainketa egin.

Oharra: Sutegin burutuko diren ekitaldiak hasi aurretik, 2017ko federatu txartelak berritu eta asteburuko ibilaldirako izena emateko aukera izango da Sutegi kultur etxean bertan.

Informazio gehiago: www.andatza.com

Antolatzailea: Andatza M.K.T.