Urte garai honetan herrian antolatu ohi diren azoketan ikusten ditugu etxean sukaldatutako postre gozoak saltzen. Ostiralero Udarregi Ikastolan tortila pintxoak saltzen dituzte baita. Errifekin gauza bera egiten dabiltza. Aurten estreinakoz Buruntzaldean antolatu den eta jada martxan den Euskararen Ginkanan parte hartzen ari dira. Eta orain, apirila amaieran hiru egunetarako Bartzelonara prestatzen ari diren ikasbidaiarako dirua biltzeko ekimen berri bat abiatu asmo dute Udarregi Ikastolako DBH4-ko ikasleek; azarotik martxora hilero hirugarren ostiraletarako zine zikloa antolatu dute.
Azaroaren 17rako iragarri duten estreinaldirako "Fatima" izeneko filma hautatu dute proiektatzeko. Sarrerak egunean bertan izango dituzue eskuragarri 2 eurotan Sutegin.
Zinemetan ohikoak ez ditugun filmak proiektatuko dituzte datozen hilabeteotan, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin, filmazpit.eus Zineuskadi elkarteak finantzatutako euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko egitasmoarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean.
Estreinaldirako, "Fatima"
Eguna: azaroak 17, ostirala.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Azaroan hasi eta martxora bitartean, Udarregi ikastolako DBH4ko gazteek Filmazpit-ek euskaraz azpititulatutako filmak eskainiko dituzte Sutegi aretoan. Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da. Filmazpit programak Euskadiko hainbat zinemalditan nahiz hauetatik kanpo jorratzen duten gaiagatik interesgarriak diren filmak hautatzen ditu eta euskaraz azpititulatzen ditu. Film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira".
Sinopsia: "Fatima aljeriarra da, dibortziatua dago eta Frantzian bizi da bere bi alabekin: Souad, nerabe bihurria, eta Nesrine, Medikuntza ikasten hasi berria den 18 urteko gaztea. Fatimak ia ez du frantsesez hitz egiten, eta hori oso oztopo handia da beraren eta bere alaben arteko harremanerako. Alabak dira Fatimaren bizitzan garrantzitsuena eta haietaz oso harro dago. Alabei ahalik eta etorkizun onena emateko, eguneko ordu asko garbitzaile gisa lan egiten pasatzen ditu. Egun batean istripu bat du eta denbora batez atseden hartu behar du. Denbora hori Souadi eta Nesrineri frantsesez esan ezin dien guztia arabieraz idazteko baliatzen du".
Urtea: 2015. Zuzendaria: Philippe Faucon. Aktoreak: Soria Zeroual, Zita Hanrot, Kenza-Noah Aïche, Chawki Amari, Dalila Bencherif. Jatorrizko hizkuntza: Frantsesa-arabiera. Azpitituluak: Euskaraz. Gaia: Frantsestasunaren ukapena. Iraupena: 79 min.
Sarrerak: egunean bertan 2 €.
Antolatzaileak: Udarregi Ikastolako DBH4ko gazteak.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.