Lasarten ari dira lanean, baina eskualde eta Gipuzkoa osorako, kirol egokitua eskaini eta inklusibitatea sustatzen dute. Oiardo Kiroldegira zabaldu nahi dute haien proiektua; ostiraletan igeriketa ikastaro egokitua egiteko aukera dugu guztiok Usurbildik mugitu gabe. Ostadar inklusioa taldekoak ari dira ekimen guztion sustapen lanetan. Jurgi Olasagasti eta Amaia Cadarsorekin bildu da NOAUA! (Irudiak: Nerea Herrero/Juan Luis Asensio).
Nondik sortzen da zuen egitasmoa?
Jurgi Olasagasti: Kirol lizentziatuak gara, kirol egokituan 10 urtetik gora daramatzagu. Kirol egokitu zale amorratuak gara. Eskola kirolean, izaera inklusiboa zuen talde baten hutsunea zegoelako abiatu genuen proiektu hau.
Kirol egokituaz ari garenean zertaz ari gara?
J.O.: Urritasuna dutenak normalean eskola kiroletik at geratzen dira. Gu haiei eskola kirola eskaintzen ahalegintzen gara. Baina ez haiei bakarrik, urritasuna ez dutenei ere. Gero kasu bakoitzari behar duen moduan erantzuten ahalegintzen gara. Orain arte lortu dugu.
Lasarten zer ibilbide egin duzue?
Amaia Cadarso: Gure proiektua Gipuzkoa osorako da. Zerotik hasi ginen duela urtebete. Lehenengo arazoa leku apropos bat bilatzea izan zen. Lasarte gustatzen zitzaigun, estrategikoki ondo kokatua baitago. Elkarte berri bat sortzekotan egon ginen, baina ez genuen isolaturik egon nahi. Nahiago genuen klub batean sartu. Ostadarren oso aukera polita topatu genuen. Haiei berehala gustatu zitzaien gure proiektua eta atal berri bat sortu dugu, kirol egokitua eta inklusioa bideratzeko. Alde batetik aparteko lan bat bideratzen dugu, multikirola. Baina beste hainbat jardunaldi denok batera egiten ditugu. Esaterako, aurreko igandeko Lasarteko Krossean parte hartu genuen, urritasuna duen eta ez duen jendea.
Jada badagoen kirol elkarte batean sartzeak inklusioan sakontzea erraztu dizue. J.O.: Ostadarrek eskuzabalik hartu gintuen, izugarrizko babesa eman zigun eta ematen ari zaigu. Gure filosofiarekin bat egiten zuen, ze guk ez genuen kirol jarduera bakarra egin nahi, ahal bazen kirol anitzak, multikirola deiturikoa. Ostadarrek ona duena da atal ezberdinak dituela. Inklusioa bilatzerako orduan, urritasunen bat duten pertsonak ere klubak dituen ataletara sartzea errazten du. Baina lanketa bat egin behar da aurretik.
A.C.: Batzuetan lan berezia edo ezberdindua egingo dugu baina era berean landu behar dugu inklusioa. Orduan jada aparte geratzen bagara pixka bat arraroa litzateke. Era desberdinak daude egiteko, guk hau aukeratu genuen.
Deskribatu zuen asteroko dinamika.
A.C.: Gauzak asko aldatu dira. Aurreko urtean 5 laguneko talde batekin hasi ginen. Ordutik 13 lagunek probatu dute. Aurten 10 ume ditugu asteazkenetan. Astelehenetan multikirol indibiduala egiten dute eta 4 neska-mutil etortzen dira. Ostiraletan Usurbilen igeriketa egiten dugu.
J.O.: Eta asteazkenetan adimen urritasuna duten pertsonentzako atletismoa.
Oso errealitate ezberdinez ari gara. Multikirolaren egitasmo honek errealitate ezberdin horiei irtenbidea emango die?
A.C.: Gure eskaintza neska mutilen beharretara moldatzen saiatzen gara. Orain gutxi, kide batek surfa probatu nahi zuen eta guk horretarako baliabideak eman dizkiogu.
Beraien nahietatik abiatzen zarete.
A.C.: Saiatzen gara ahal den neurrian hala eskaintzen.
J.O.: Talde baten barruan, bakoitzaren kirol ibilbide, garapen indibidual hori ere lantzen dugu.
Urtebeteko ibilbidea osatu duzue jada. Emozionalki ere eragina izango du partaideengan?
A.C.: Gurasoak oso pozik daude eta haien seme alabak oso pozik ikusten dituztela adierazten digute.
J.O.: Nolabait gurasoengandik urruntzeko aukera eskaintzen diegu haurrei. Hartara, nolabaiteko autonomia maila txiki bat lantzeko aukera dute. Ikusten dugu gai direla elkarri lagundu eta gauzak aurrera ateratzeko. Kirolaz gain, autonomia hori asko lantzen dugu. Helburuetako bat da.
A.C.: Aurten kanpora joan nahi dugu. Autobusa hartu eta Madrilera edo Bartzelonara joan eta han asteburu osoa pasa etxetik kanpo. Kirola egin eta kirolaren bidez jende berria ezagutu.
Usurbilekin ere lotura du zuen egitasmoak?
J.O.: Ostadar Lasarteko taldea da, baina gurea Gipuzkoa mailako elkarte bat da, eta ondorioz baita eskualdekoa ere. Ezinezkoa litzateke elkarte bat herri ezberdinetan osatzea. Horregatik, Usurbilgo haurrek parte hartu nahi badute, hemen gaude. Kirol egokitua, igeriketa egiteko aukera dute Oiardo Kiroldegian. Oso ondo ikusi dute bertan egitasmo hau eta babestu dute.
A.C.: Bai haurrak zein helduak. Taldeak osatzeko aukera ezberdinak ditugu. Eskatu lasai.
J.O.: Gauza asko eskaini nahi ditugu askotan, baina jende guztiarengana heltzea zaila egiten zaigu. Denei zuzendutako eskaintza luzatu arren, batzuk ez dute beretzat bezala onartzen. Jendeak nahi badu halako eskaera bat egin dezala.
Zuen eskaintza denontzako baita.
J.O.: Gero askotan badaude zenbait pertsona urritasuna dutenekin ez dutena nahi partekatu beren esperientzia, nolabait, kakotsa artean, atzerapausoa iruditzen zaielako. Baina gero, halako esperientzia bat bizitzean jabetzen zara halako errealitate bat beste inon ez dela eskaintzen. Orduan zer da atzerapauso edo aurrerapauso bat?
A.C.: Taldean urritasuna ez duten haurrak daude. Eta gustura ari dira.
Bestelako balore hainbat landuko dituzue.
J.O.: Enpatia, elkartasuna, desberdinarekiko errespetua.
A.C.: Balio erantsia du. Ez da bakarrik kirol jarduera bat egitea, balore horiek guztiak ere horren barne daude.
Kirol egokitua eskaintzeko baliabide gehiago beharko dituzue?
A.C.: Aulkiak lortzeko, begiraleak ordaintzeko. Profesionaltasuna ordaindu behar da. Bidaiak, dena. Kirol egokitua egitea oso garestia da eta laguntza behar da. Dirurik gabe ezin dugu ezer egin.
A.C.: Diru-laguntzak lortu ditugu, bestela ezinekoa litzateke. Eskerrak eman nahi dizkiegu, Michelin, IK4 IDEKO, La Caixa, Kutxa Fundazioa, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan, Estudio Pindar , Lasarte-Oriako Udala, Usurbilgo Udala.
Informazio gehiago:
Youtube, Facebook, Twitter, Instagram: @ostadar.inklusioa / @ostadaregokitua
943 36 04 33