Hainbat herritarrek jaso dute jada Donostiako ospitale ondoan kokatua dagoen Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuaren gutuna. "Balorizazio energetikoko instalazioa" deitzen duten horren inguruko, Zubietako erraustegiari buruzko ikerketa epidemiologikoa egin nahi du Biodonostiak. Ingurumenean eragin dezakeen kutsadura eta gertuko herritarren osasunean izan dezakeen eragina neurtu nahi dute, instalakuntza hau eraiki aurretik eta ondoren, alderik ba ote den frogatzeko. Gutuna jaso duten herritarrak ikerketa honetan parte hartzera gonbidatzen dituzte, eta laster, ikerlari bat jarriko haiekin hartuemanetan jarriko dela ohartarazten zaie.
Erraustegiaren Auukako Mugimendutik ikerketa honetan ez parte hartzeko deia egin dute, eta ostiral hau, azaroaren 17a baino lehen "eskutitzetan agertzen den telefono zenbakira (943 022 704 ) dei egitea eskatzen diegu bizilagunei, bertan gure kezka, protesta eta aurkakotasuna adierazteko”.
Arriskua ukatu izan duena, ikerlanean orain
Gutuna ikerketa epidemiologiko honetako ikerlari nagusi Jesus Ibarluzeak sinatzen du. Biodonostiako ingurumen epidemiologiako eta haurren garapeneko ikerketa unitateko arduraduna da bera. Pello Zubiria aginagarrak Argian berri eman duenez, 2004an Gipuzkoarako bi erraustegi planteatzen ziren garaian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gai honi buruz argitara emandako ikerlana sinatu zuen Ibarluzeak.
Egun Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak herritarron osasunerako eta ingurumenean izan ditzakeen eraginak neurtzeari buruzko azterketa epidemiologikoa zuzentzen ari den ikerlariak duela 13 urte ukatu egiten zuen hiri hondakinak errausteak herritaron osasunarentzat arrisku gehigarri nabarmenik ekar zezakeenik. Teknologia modernoa eta indarrean diren emisio mailak errespetatzen zituzten erraustegiei buruz ari zen. Hemen duzue txosten hura irakurtzeko lotura (32-33 orrialdeetan ondorio nagusiak):
2016ko ekainean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin zuen Jesus Ibarluzeak. Erraustegiak herritarren osasuna kaltetu dezakeela ukatu arren, bai Biodonostiak berak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketan inbertitzeko beharra ikusi zuten, etengabeko ebaluazioa sustatzeko. "Zaintze, monitorizazio eta informazio publikoaren etengabeko mantentzea funtsezkoa dela" zioten.
Zeresana eman zuen adierazpenak egin zituen Ibarluzeak bilkura hartan. Zero arriskua ez dela existitzen onartzearekin batera, Pello Zubiriak Argian gogoraratzen duenez, "dioxinen kutsadura mailak legez onartutakoa gaindituz gero erraustegiko labeak ordu erdian itzaliko liratekeela esan baitzuen, osoki inposiblea dena, besteren artean dioxinak ez direlako jarraian kontrolatzen".
Erraustegiak herritarron osasunerako arriskurik ekar dezakeenik ukatu izan duen pertsona berak, orain gai honi buruzko ikerketa epidemologikoa zuzendu eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dabil, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz. Gogoan izan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Biodonostiari eginiko esleipenetik dator, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegitik gertuen bizi diren herritarrei egin nahi zaien azterketa epidemiologiko hau. 450.000 euro bideratuko dituzte egitasmo honetara.