Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, erraustegiari buruzko ikerketa epidemiologikoa bideratzen hasia da Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua. Hainbat herritar osasun azterketa frogak egitera animatzen dituen gutuna jasotzen ari dira. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ikerketa honen aurrean desobedientziarako deia egin du. Ikerketan parte hartu ez, Biodonostiara deitu eta kexatzeko deia egiten ari dira.
Ikerketa hau zalantzan jarri zuen baita joan den udaberrian, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). Joan den maiatzean jada, talde honek argitara emandako "Errauskailua, ardurak eta burua zuritzeaz" izeneko idatzian argi uzten zuen Biodonostiak egin asmo duen ikerketaren helburua. "Dagoen informazio guztia egonda, eta ikerketa epidemiologiko berrien aurka egon gabe, noski, horrelako bat planteatzeak helburu bakarra dauka gure ustez: errausketaren alde egitea erabaki dutenen burua zuritu eta herritarrei lasaitasun mezu faltsua helarazi", salatu zuten.
Gaineratzen zutenez, "patologiarik ez aurkitzeko prestatutako ikerketa dirudi. Zergatik diogu hau? Zabalgarbin egin zuten akats berdina errepikatzen dute. Aurreikusten diren azterketak erraustegia ireki eta hiru urteetara planteatzen dira. Denbora gutxi. Gogoratu behar da edozein tumore solidoa gutxienez 10 urte behar dituela garatzeko. Ziur asko, benetako emaitza patologikoak hamarkadak pasa eta gero ikusiko dira. Gainera ez dira sustantzi toxikoen neurketak planteatzen lurrean edo elikadura-katean, airean bakarrik planteatzen dira".
Gogoan izan, OEIT-k nazioarteko hainbat erakunde prestigiotsuren azterlanetan oinarrituta sarritan adierazi izan duena; baietz, lotura zuzena eta estua dagoela errausketaren eta hondakinak errausteak herritarron osasunean duen eraginaren artean. "Guk garbi daukagu informazio hau guztia mahai gainean edukita, aurrera egitea erabaki dutenek izango direla hein batean, eta astakeria hau gelditzea lortzen ez badugu, osasunean sortu daitezkeen kalteen arduradunak. Ez dezagun ahaztu. Osasunerako kaltegarria delako, errausketarik ez", zioten idatzi berean. 2017ko maiatzeko idatzia duzu hemen osorik irakurgai:
"Errauskailua, ardurak eta burua zuritzeaz"
Errauskailuaren obrak inauguratu diren egun hauetan OEIT-k (Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea) gogoeta hauek egin nahi ditu:
Gure harridura eta haserrea adierazi nahi dugu
Ez dakigu erabaki hau hartu dutenek irakurri dituzten edo ez errausketa eta osasunari buruz argitaratuta dauden dozenaka eta dozenaka txosten zientifikoak. Larria da irakurri badituzte, eta larria ez badute egin. Edozein kasuetan, onartezina da informazio hau ukatzea, ezkutatzea edo eztabaida zientifikoa eta medikuari ezezkoa ematea.
Diputazioak iragarri duen ikerketa epidemiologikoaz
Bi ondorio nagusi ateratzen ditugu:
-Patologiarik ez aurkitzeko prestatutako ikerketa dirudi. Zergatik diogu hau? Zabalgarbin egin zuten akats berdina errepikatzen dute. Aurreikusten diren azterketak erraustegia ireki eta hiru urteetara planteatzen dira. Denbora gutxi. Gogoratu behar da edozein tumore solidoa gutxienez 10 urte behar dituela garatzeko. Ziur asko, benetako emaitza patologikoak hamarkadak pasa eta gero ikusiko dira. Gainera ez dira sustantzi toxikoen neurketak planteatzen lurrean edo elikadura-katean, airean bakarrik planteatzen dira.
-Dagoen informazio guztia egonda, eta ikerketa epidemiologiko berrien aurka egon gabe, noski, horrelako bat planteatzeak helburu bakarra dauka gure ustez: errausketaren alde egitea erabaki dutenen burua zuritu eta herritarrei lasaitasun mezu faltsua helarazi.
OEITak lanean jarraitzen du
Argitaratzen diren ikerketa berriak aztertzen jarraitzen dugu. Ez dago bakarra ere orain arte esandakoak gezurtatzen duenik. Behin eta berriz errepikatzen dira esposizioa eta gaitzen tasen igoera. Datuak eta ondorioak uka ezinak dira.
Jarraitzen dugu eta jarraituko dugu. Guretzat (pertsona ororentzat beharko luke, gure ustez) osasuna delako lehentasuna duena, eta gure obligazioa badelako informazio ezkutatu beharrean, informazio zientifiko hau zabaltzea, bai herritarrak eta baita ere horrelako erabaki garrantzitsuak hartzen dituzten agintariak jakinaren gainean egon daitezen. Hortik aurrera, bakoitzak erabaki dezala eta bere ardura edo arduragabekeria bere gain eraman dezala.
Historia errepikatzen da.
Amiantoren afera aztertuta konturatzen gara 1935ean argitaratu zirela lehen ikerketak amiantoa eta minbizia erlazionatuz. 1947an Espainian amiantoa ekoiztu edo erabiltzen zituzten enpresak "kontrolatzen" hasi ziren. 1991ean Banku Mundialak amiantorekin erlazionatutako enpresak diruz gehiago ez laguntzea erabakitzen zuen. 2001ean debekatzen da Espainian amiantoarekin lan egitea. Egun ikusten ari gara amiantoren ondorioz sortutako kalte larrienak: minbiziak eta hildakoak.
Ezaguna egiten zaizue prozesua? Noski baietz!. Hamarkadak dira argitaratzen ari direla errauskailuak eta minbizia, abortuak,malformazioak, heriotza-tasek gora egitea... erlazionatzen dituzten ikerketak. Aspalditik esaten digute "kontrolatzen" dituztela hauek. Europak dagoeneko aurreikusten du diruz gehiago ez laguntzea errauskailuak.
Eta zoritxarrez, hemendik hamarkada batzuetara ikusiko ditugu guzti hauen ondorioak osasunean.
Ardura-printzipioa aplikatzea eskatu zaie behin eta berriz gure agintariei. Ez dute horrela egin. Guk garbi daukagu informazio guzti hau mahai gainean edukita, aurrera egitea erabaki dutenek izango direla hein batean, eta astakeria hau gelditzea lortzen ez badugu, osasunean sortu daitezkeen kalteen arduradunak. Ez dezagun ahaztu. Osasunerako kaltegarria delako, errausketarik ez!