Biodonostiaren azterketa epidemiologikoan parte hartu ez eta kexa adierazteko deia

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 15a, 13:20

Aurreko astean berri eman genizuen, osasun frogak egitera animatzen duten Biodonostia Osasun Ikerketa Institututiaren eskutitzak jasotzen hasiak zirela hainbat herrita. Gutun hauen aurrean kezka adierazi eta desobedientzarako deia egin dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik. Ez kolaboratzea eskatzen dute. “Eskutitzetan agertzen den telefono zenbakira dei egitea eskatzen diegu bizilagunei, bertan gure kezka, protesta eta aurkakotasuna adierazteko”. Horretarako epe bat finkatzen dute, azaroaren 17ra artekoa. Goiz edo eguerdi partean, gutunean ageri den 943 022 704 telefono zenbakira deitzeko gonbita luzatu dute, “eta alferrikako, xahutzailea eta osasunarentzat kaltegarria den erraustegiari buruz protesta egitera”.

Errausketaren Aurkako Mugimendutik gogorarazten dutenez, erraustegiak ingurumen zein herritarren osasunean izan dezakeen eraginaren inguruko hainbat ikerketa egin dira, eta “guztietan ondorio bera ateratzen da; erlazioa dago erraustegi baten ondoan bizi eta hainbat gaitzen artean. Hau horrela izanda eta jakinda 450.000 euro xahutu nahi dituztela honetan, guztiz ulergaitza egiten zaigu eskutitz hauek bidali izana”.

Are ulergaitzagoa iruditzen zaie, erraustegia sustatu dutenen aldetik, proiektu honek herritarren osasunean inolako kalterik sortzen ez dutela defendatu izan dutenean. “Horren ziur esan izan dute, bizilagun batzuei kezka eta beldurra ere sartu zaiela. Gainera Osakidetza bidez, guztiona den osasun zerbitzu publikoa, egin nahi dituzte froga horiek, ikerketa pribatuak, diru eta zerbitzu publikoaren kontura?”, salatu dute.

Ikerketa honetan ez parte hartzea eskatzen diete herritarrei. Erraustegiaren aurrean, alternatiba merke eta osasuntsuagoak badirela aldarrikatzen dituzte.

Biodonostia, boluntario eske

Erraustegiari buruzko ikerketa epidemiologikoa egitea erabaki du proiektu honek arriskurik ez dakarrela defendatu izan duen Foru Aldundiak, eta lan hau egiteko ardura esleitu zion udan Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuari, 450.000 euroren truke. Ikerketa honen harira, Biodonostiaren hainbat gutun jasotzen hasi dira hainbat herritar. Gutun honetan, ikerketan parte hartzera deitzen da. Asmoa, erraustegitik gertu bizi direnen herritarren osasun egoera eta ingurumenaren kutsadura aztertzea dira, erraustegia eraiki aurretik eta ondoren. “Horretarako, beharrezkoa da lagin biologikoa lortzea eta galdeketa motz bat egitea”, dio Biodonostiaren gutunak.

Ikerketan parte hartzea onartzen duenak anbulatoriora joateko hitzordua jasoko duela adierazten da. Odol eta gernu-lagin bat aterako litzaioke ikerturiko herritarrari. “Hartara, metal astunen mailak neurtuko dira (merkurioa, beruna, kadmioa, kromoa, artsenikoa, kobrea, nikela, zinka eta manganesoa), bai eta substantzia organiko kloratuak, dioxinak, furanoak eta dioxina motako PCBak ere. Horretaz gain, inkesta txiki bat egingo dizute zure bizi-ohitura, dieta, zeregin eta abarrei buruz, laborategiko emaitzak hobeto interpretatu ahal izateko”, dio gutunak. Ikerketa zentroko ikerlari bat gutuna jaso duen herritarrarekin kontaktuan jarriko dela iragartzen da gutun berean.