Zubieta lantzen ari den energia planaren baitan, trebakuntza, sentsibilizazio eta informaziorako tailerrak antolatu dituzte asteotarako. Lehenengo saioa gaurko. Saio irekiak izango dira, edonor bertaratu daiteke:
-Azaroak 16, osteguna: 18:30-20:00 Faktura elektrikoaren optimizazioa.
-Azaroak 30, osteguna: 18:30-20:00 Energia eraginkortasuna etxean.
Tokia: Usurbilgo Lanbide Eskolako ekitaldi aretoa.
Antolatzaileak: Zubietako Herri Batzarra, Usurbilgo Udala, Donostiako Udala.
Zubieta, energia iturri berrien bila
“Energia aurrezteko aukerak badaude”. Aukerak badaude energia aurrezteko eta batez ere herritarrek eraginkortasunean irabazteko aukera, energia kontsumoan eta faktura elektrikoan, Xabier Esteban energia eta ingurumeneko aholkulari espezialistak NOAUA!ri adierazi dionez.
Berak dioena oso argi erakusten ari da Zubietan egiten ari diren etorkizunari begirako energia planaren lanketarekin. Urte hasieratik uda partera, egitasmo honetako lehen fasea jorratu zuten, energia kontsumoaren gaineko diagnosia osatu dute. Zubietako Kaxkoko 40 bat etxebizitza bisitatu zituzten. Etxeotako bizilagunen faktura energetikoa, azpiegiturak… aztertu zituzten, galdetegi baten bidez. Etxeez gain, eremu publikoa ere behatu zuten; kasu honetan Zubietak duen argiteria publikoa, eta azkenik erdigune horren bueltan dauden jarduerak; jatetxeak, Lanbide Eskola, Eskola Txikia edota zerrategiak duen energia kontsumoa.
“Emaitzak esperotakoak izan dira”, adierazi digu, egitasmo honetan buru-belarri lanean dabilen Xabier Estebanek. Datuok eskutan, “eragin egin behar dugu” dio Estebanek. Hobekuntzarako, energia aurrezteko tartea badela irizten dio berak eta egitasmo hau sustatzen ari diren Zubietako Herri Batzarrak, Lanbide Eskolak, Usurbilgo eta Donostiako Udalek, bereziki, energia kontsumo gehien sortzen den eremuan, herritarron etxebizitzetan.
Hurrengo hilabeteotan, otsailera arte edo, Zubietan bertan zer energia berriztagarri ekoitzi daitezkeen landu asmo dute. Hasiera batean, ura edo haizea, elementu naturalok baliatzeko aukera baloratzen ari ziren arren, “bi kasuotan aurreratu genezake, zonaldea ez dela aproposa”. Eguzki panelen eta biomasaren aukerak egingarriagoak ikusten ditu Estebanek. “Aukerak badira eta aukerak eskaintzen ditu Zubietak”, ziurtatu du.
Aukera eredugarriak badirela argi erakusten ari dira gainera hainbat zubietar. Jada hainbat bizilagunek, baita zenbait gune publikoetan ere energia berriztagarrien aldeko apustua egina baitute, zerrategian, zenbait etxebizitza partikularretan edota Lanbide Eskolan esaterako. Lanbide Eskolak “instalakuntza dezente ditu”.
Sentsibilizazio tailerrak
Plan hau garatzen joan ahala, paraleloki sentsibilizazio kanpainak, trebakuntza tailerrak eta informazioa partekatu nahi dituzte herritarrekin. Energiaren inguruko ezagutzan sakondu eta eremu horretan eragiteko tresnak eskainiko ditu, asteotarako Usurbilgo Lanbide Eskolan antolatu dituzten tailerretan.“Herritarrak tailerrotan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Oso erabilgarriak izango dira”, iragarri digu Estebanek.
Zubietako Kaxkoko energia kontsumoaren gaineko azterketaren emaitzak
Kontsumo orokorra: 2.100.000 kW.o/urteko
Kontsumoaren banaketa: %35 jarduerak, %64 etxebizitzak, %1 eremu publikoa.
Energia motak: %36 elektrizitatea, %64 erregaiak.
Energiaren jatorria: %65 fosilak, %15 berriztagarriak, %20 Zubietan ekoitzia.
Menpekotasun energetikoa: %80 kanpokoa, %20 bertakoa.
CO2 isurketak: 377 tona CO2/urteko (%45 elektrizitatea, %55 erregaiak).
Ekintza planetarako neurriak
Kontratuen optimizazioa: potentzia optimizatzea, gaueko tarifa, bonu soziala, erosketa amankomuna (egurra).
Eraginkortasun neurriak: etxetresnak, erregletak, ur erregulatzaileak, galdaren erabilpena.
Tailer irekiak
Aipatu moduan, Zubieta lantzen ari den energia planaren baitan, trebakuntza, sentsibilizazio eta informaziorako tailerrak antolatu dituzte asteotarako. Saio irekiak izango dira, edonor bertaratu daiteke:
-Azaroak 16, osteguna: 18:30-20:00 Faktura elektrikoaren optimizazioa.
-Azaroak 30, osteguna: 18:30-20:00 Energia eraginkortasuna etxean.
Tokia: Usurbilgo Lanbide Eskolako ekitaldi aretoa.
Antolatzaileak: Zubietako Herri Batzarra, Usurbilgo Udala, Donostiako Udala.
Zubietako energia planaren lanketako faseak
-2017ko urtarrila-uda: energia diagnosia.
-2017ko urria-otsaila: Zubietak energia berriztagarriak ekoizteko dauden aukeren gaineko azterketa.
-Martxoa: ekintza plana.