Haimar Zubeldiaren ibilbide emankorra oroitu edo ezagutu nahi baduzue, horretarako aukera ederra duzue egunotan Sutegin. Lagun eta zaletuez inguraturiko argazkiak, Haimar txirrinda gainean bere ibilbideko une gogoangarrienetan, Zubeldiaren maillotak, bizikletak... eta askoz gehiago aurkituko duzue kultur etxeko erakustaretoan. Haimar Zubeldia Taldeak eta Usurbilgo Udalak Haimarri antolaturiko omenaldi aste honetako ekimenetako bat duzue.
Hoberena bertaratu eta zuen begiokin ikustea. Bart ireki zuten erakusketa, Haimar, bere etxekoak, lagunak, zaletuak eta hainbat herritar bertan zirela. Sutegiko auditorioan Euskadi Irratiko kiroletako esatari Arritxu Iribarrekin Haimarrek izandako elkarrizketa-solasaldi interesgarriaren ostean inauguratu zuten ofizialki, Haimar Zubeldia Taldeak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko argazki erakusketa. Larunbatean ospatuko den omenaldi egun handira arte zabalik izango duzue, Haimar omendu eta 20 urtetik gora egin eta eman duen guztia eskertzeko erakusketa.
Zozketa
Argazki erakusketa bisitatzearen truke, Haimarrek ekimen honetarako utzitako bere aurtengo maillot eta kulotea etxeratu ditzakezue. Antolakuntzak erakusketara bertaratzen zaretenon artean zozketatu asmo ditu. Orritxo batean izen abizenak idatzi eta erakusketa sarreran dagoen kutxan sartu besterik ez duzue. Zorte on!
Erakusketa bisitatzeko ordutegiak:
-Azaroaren 16an eta 17an, ostegun eta ostiralean: 17:30-20:30.
-Azaroak 18, larunbata: 11:00-14:00.
Tokia: Sutegiko erakustaretoa.
Antolatzaileak: Haimar Zubeldia Taldea eta Usurbilgo Udala.