Joan den igandean amaitu genuen, inoiz baino gehiago, jende ilarena izan den NOAUA!ren Kulturaldi arrakastatsua. Bi asteko zikloaren baitan, parte hartze handia sustatu duten ekitaldiak izan ditugu. Joseba Tapia eta Besamotzak taldekoek eskaini zuten kontzertua dugu horren lekuko. Bezperan, geure buruaz barre eginarazi baina batez ere zer pentsatua eman zigun "Erradikalak gara" emanaldi borobila eskaini ziguten Ane Labaka bertsolariak eta Bea Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak.
Orbeldi Dantza Taldekoek euskal dantza tradizionalen erakustaldi ederra eskaini ziguten azaroaren 10ean Sutegin. Bide batez, dantzariek soinean zeramatzaten jantziak aurkezteko baliatu zuten hitzordua, eta nola ez, jantzi haien jostunak omendu eta eskertzeko baita. Pozarren amaitu zuten.
Pozarren dira baita "Landareak lantzen" gida-liburuko egileak; Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga. Jada bigarren edizioa plazaratzear dira. Azaroaren 4an Potxoenean izan genituen proiektu berri hau aurkezten.
Arrakastatsua suertatu zen baita "Handia" filmaren proiekzioa. Lehen emanaldirako sarrerak agortu eta bigarrena antolatu genuen. Lehen emanaldian gainera, gure artean izan genituen filmeko aktore Joseba Usabiaga eta gidoigile Joxe Mari Goenaga, ikus-entzunekoaz argibideak eskaintzen.
Kalejiran ibiltzeko aukera ere izan dugu aurtengo Kulturaldian. Bertsolari Txapelketa Nagusi betean ziren bi bertsolari, Alaia Martin eta Jon Maia, Kantu Taldekoekin batera bertso-kantu-jira ederra izan genuen azaroaren 5ean.
Gaztetxoen parte hartzea erakarri zuen Zuriñe Hidalgorekin azaroaren 9an antolatu genuen solasaldian. Musika nahiz telebista munduan jorratzen ari den ibilbideaz, eremuotan emakume izateaz eta euskaraz jardun zuen. Etenik gabekoak izan ziren gaztetxoek eginiko galderak, ekitaldiak piztu zuen interesaren erakusle izan ziren.
Aurtengo Kulturaldiak ordea, izen propio bat izan du; iazko abenduan zendutako Alejandro Tapia margolari aginagarrarena. Herri omenaldi hunkigarria jaso zuen azaroaren 3an, eta harrera ezinhobea izan zuen baita bere lanen erakusketa.
Lerrootatik esker mila, Kulturaldia ahalbidetu duzuen guztioi.
NOAUA!ren Kulturaldia iruditan:
JOSEBA TAPIA ETA BESAMOTZAK KONTZERTUAN
"ERRADIKALAK GARA"
ORBELDI DANTZAN
https://youtu.be/YHUAoT745oc
ZURIÑE HIDALGOREKIN SOLASEAN
https://youtu.be/Tn4HPwy-Fts
"HANDIA" FILM PROIEKZIO BIKOITZA
https://youtu.be/139m6ifDmAw
BERTSO-KANTU-JIRA, ALAIA MARTIN ETA JON MAIA BERTSOLARIEKIN
https://youtu.be/TIutpsoM2wo
https://youtu.be/Ys67mjd57tI
"LANDAREAK LANTZEN" GIDA-LIBURU AURKEZPENA"
https://youtu.be/xisjMtXr5JM
ALEJANDRO TAPIAREN LAN ERAKUSKETA
https://youtu.be/nUfZ67Pc3HI
HERRI OMENALDIA ALEJANDRO TAPIARI
https://youtu.be/bjMS4KJdUgY
https://youtu.be/GQW5vK0csQ4