Azarotik martxora, hilero hirugarren ostiraletan Sutegin, zinemetan ikusiko ez ditugun film interesgarri askoez gozatzeko aukera izango da, Udarregi Ikastolako DBH4-ko ikasleen eskutik. Ikasturte amaierako bidaiarako diru-laguntza biltzeko abian jarri duten ekimen berria dugu honakoa. Estreinaldia, ostiral honetan bertan (azaroak 17), 19:00etan Sutegin. "Fatima" filma proiektatuko dute. Lerrootan xehetasunak.
Ikasturte amaierako bidaiarako dirua biltzeko beste ekimen batzuk egin ohi dituzue. Nolatan bururatu zitzaizuen zine zikloaren ideia?
DBH4ko ikasleak: Lehendik haurrentzako zinea eskaintzen dela ikusita, Sutegin film bat proiektatzea bururatu zitzaien batzuei. Potxoeneara joan ginen hori guztia nola egin zitekeen galdetzera. Filmazpitekoekin hartuemanetan jarri eta proiektu berri bat abiatzea erabaki genuen. Hilero azarotik martxora filmak eskaintzea, hirugarren ostiraletan.
Jatorrizko hizkuntzan baina euskarazko azpitituluekin eskainiko dituzue, zinemetan ikusterik ez ditugun filmak. Nola egin duzuen film aukeraketa?
Filmazpiten aurkitu genituen film interesgarrienak. Haien laguntzarekin egin dugu aukeraketa. Batez ere beraien proiektua euskarazko azpitituludun filmak sustatzera bideratua dago. Ideia ona iruditu zitzaigun, ia nola ateratzen den.
Zine zikloaren estreinaldia ostiral honetan; “Fatima” proiektatuko duzue. Saiook nori zuzenduak leudeke?
Filma hona datorren kanpotar bati buruzkoa da. Jendea identifikatua sentituko da. Pelikularen edukiak ere zer hausnartua ematen du, helduentzat aproposa. Proiektatuko ditugun filmak gaurkotasun gaiekin lotura dute, oso aproposak dira. Ziortzak haurrentzat egin duen moduan, guk ere aproposa ikusten dugu denek izatea zinema ikusteko aukera Usurbilen.
Ikasturte amaierako bidaiarako dirua ateratzea da helburua. Nora zoazten erabakia duzue?
Bartzelonara joango gara apirila bukaeran, hiru egunerako. Port Aventurara joan, belan ibili eta Bartzelona ezagutuko dugu.
Bidaia berezia izango da zuentzat. Ikastolako azkena?
DBH4a azkena izango da eta seguruenik bereizi egingo gara, bakoitzak bere bidea hartuko du gero.
Zinemaz gain, beste finantziazio iturri batzuk badituzue?
Dirua lortzeko hainbat ekimen antolatzen ari gara, horietako bat da zinea. Artisautza Azokan izan ginen. Urtero moduan, Erle Egunean eta Santo Tomas Azokan ere egongo gara etxean egindako postreak saltzen. Honez gain, ostiraletan tortila pintxoak jartzen ditugu salgai ikastolan eta Buruntzaldean antolatu den euskararen ginkanan ere parte hartzen ari gara. Irabazleak 1000 euro irabazteko aukera du, bigarrenak 500 euro. Irabazten badugu, diru asko aurreztu dezakegu.
31 talde osatu dira Buruntzaldean, gehienak, 9, Usurbilen. Denak zuen ikasturtean?
8 gure ikasturtekoak, DBH4koak.
Zer moduz doa txapelketa?
Astero proba bat egin behar da. Finalera puntuazio hoberena duten lau taldeak igaroko dira. Guretzat proposamen berri eta ezberdina da. Euskara lantzearekin batera oso ondo pasatzen dugu probetan parte hartzen.
Ginkana, postreak, pintxoak, zinea… ia doan aterako zaizue bidaia?
Errifak ere atera ditugu. Datozen azoketan salgai izango ditugu eta kalean ere saltzen arituko gara. Zinema dirua ateratzeko ondo dago, baina azkenean herriari egiten zaion eskaintza da, interesgarria. Interesgarria litzateke, ekimen hau ondo ateratzen bada, hurrengo urteetako DBH4ko ikasleek segida ematea.
Etxekoak aliatu izango dituzue ekimenotan, baina herri osoari zuzendu nahi diozue zine ziko berria.
Hirugarren ostiraletan 19:00etan izango da Sutegin. Herri osoari zuzendua dago. Ez lotsatu, animatu eta joan Sutegira. Denok inplikatzen bagara polita atera daiteke eta jarraipena izan dezake. Herri mailan proiektu berriak ateratzea interesgarria da eta proiektuak ez baditu inork segitzen ezingo dira egin.
Estreinaldirako, “Fatima”
Eguna: azaroak 17, ostirala.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "Fatima aljeriarra da, dibortziatua dago eta Frantzian bizi da bere bi alabekin: Souad, nerabe bihurria, eta Nesrine, Medikuntza ikasten hasi berria den 18 urteko gaztea. Fatimak ia ez du frantsesez hitz egiten, eta hori oso oztopo handia da beraren eta bere alaben arteko harremanerako. Alabak dira Fatimaren bizitzan garrantzitsuena eta haietaz oso harro dago. Alabei ahalik eta etorkizun onena emateko, eguneko ordu asko garbitzaile gisa lan egiten pasatzen ditu. Egun batean istripu bat du eta denbora batez atseden hartu behar du. Denbora hori Souadi eta Nesrineri frantsesez esan ezin dien guztia arabieraz idazteko baliatzen du".
Jatorrizko hizkuntza: Frantsesa-arabiera.
Azpitituluak: Euskaraz.
Gaia: Frantsestasunaren ukapena.
Iraupena: 79 min.
Sarrerak: egunean bertan 2 eurotan Sutegin salgai.
Antolatzaileak: Udarregi Ikastolako DBH4ko gazteak.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.