Gastroenteritis kasuak murrizten joan arren, prebentzio neurriei eusteko deia egin du Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 17a, 04:52

Egunotan, bereziki aste hasieran, hainbat usurbildar erasan dituen gastroenteritis brotea indarra galtzen eta azken orduetan egoera nabarmen hobetzen doala berri eman dute Usurbilgo Udaletik. "Okerrena pasatu dela dirudi", aditzera eman diote NOAUA!ri. Ostiral goiz honetan bertan bildu da berriz, gai honen inguruko jarraipena egiten ari den lan taldea.

Gastroenteritis kasuek behera egin duten datu argigarri bat plazaratu dute. "Ikastolan, esaterako, gaur 60 haur dira ondoezik etxean geratu direnak, asteartean, ordea, 180 izan ziren", adierazi dute.

Halere, prebentzio neurriei eusteko deia egin dute Udaletik. Ostegun arratsaldean plazaratu zuten bandoan adierazi bezala, iturriko ura ez edatea aholkatzen dute. Argi utzi nahi dute oraindik ez dagoela argi zerk eragin duen gastroenteritis brotea, "baina badaezpada ere, urik ez edatea aholkatzen da". 

Bitartean, brotea ikertzen jarraitzen dute. Azterketa horren emaitzak astelehenerako espero dituzte. Jaso bezain pronto emaitzok aurkezteko agerraldi publikoa egingo du gai honen jarraipena egiten ari den lan taldeak. 

Lan talde horretako kideak honako hauek dira: Xabier Arregi Usurbilgo alkatea eta Jone Urdanpilleta zinegotzia, Marije Imaz Ikastolako zuzendaria, Juncal Artieda Gipuzkoako Osasun Publikorako Zuzendariordetzako Epidemiologia Unitateko ordezkaria, Tomas Plazaola Tolasa-Goierriko Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzailea eta Mikel Aierdi uraren kalitatea neurtzeko Eusko Jaurlaritzak duen erakundeko ordezkaria. 

Udal bandoa

Gastroenteritis brotea dela eta, Usurbilen bizitzen ari garen ez-ohiko egoera honen harira bandoa kaleratu zuen ostegunean Usurbilgo Udalak. Etxe atarietan zintzilikaturiko oharrean, birusa zerk eragin duen argitzeke dagoela jakinarazten zuten, kasuak gutxitzen doazela, Udalak Osakidetzarekin hartuemanetan segitzen duela. Analitika epidemiologikoak egiten ari direla eta behin betiko emaitzak izan artean, birusa are gehiago zabaltzea saihestu eta prebentzio neurriak hartze aldera, iturriko ura ez edatea aholkatzen ari da Usurbilgo Udala, "bestelakorik esan arte".

Honela dio udal bandoak:

Usurbildar hori:

Ez-ohiko egoera bizi dugu egunotan herrian, gastroenteritis brotea dela-eta. Astiro- astiro kasuak gutxitzen ari badira ere, oraindik ere herritar ugari dago ondoezik. Udala harreman etengabean dago Osasun Sailarekin, eta egunotan analitika epidemiologikoak egiten ari dira han-hemenka, brote hau zerk eragin duen argitzeko. Behin-betiko emaitzak eskuratu eta jatorria argitu bitartean, Udalak beharrezko ikusi du, Osasun Sailaren aholkuei jarraikiz, prebentzio neurriak hartzea, birusa are gehiago zabaltzea saihesteko. Horregatik, usurbildarrei aholkatu nahi diegu iturriko ura ez edatea bestelakorik esan arte.

Eskerrik asko.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea