"Ez galdu aukera eta parte hartu. Guk zinez eskertuko dizugu, denon artean landutako herrigintzak balio handiagoa duelako, gutxi batzuen artean egindakoak baino. Usurbilek eskertuko digu", adierazi dute Usurbilgo udal gobernu taldetik. Herritarrak datorren astean, 2018ko udal aurrekontuen zirriborroa aurkezteko auzoka egingo duten bilera errondan parte hartzera gonbidatzen dituzte.
Legealdi hasieran herritarrekin osaturiko gobernu programan oinarrituko ditu udal gobernu taldeak urte berrirako aurrekontuak. Herri jasangarria lortu, herri nortasuna indartu eta ongizatea, horiexek ardatz nagusiak. "Edozein kasu, dena ez dago itxita, eta badugu tarterik zure iritzi, ekarpen edota proposamenetarako", ohartarazi dute.
11.311.000 euro ditu udalerri honek, zertan zenbat xahutu erabakitzeko. Zenbait proiektu estrategikoetara bideratuko du kopuru horretatik zati garrantzitsu bat. Adibidez, "Zumarte musika eskola berrituko du; Kiroldegiko instalazioak berritzeko eta espazio arazoak gutxitzeko, igerileku txikia irisgarri bihurtzeko eta handitzeko lanak egingo ditu; mugikortasun jasangarriaren norabidean, hainbat egitasmo bultzatuko ditu; Usurbil 0.0 plana martxan jarriko du; hilerri zaharra erabat hustu eta behin-betiko itxiko du; agitera publikoa kontsumo baxuagoko LED argiekin ordezkatzen jarraituko du...", iragarri dute udal gobernu taldetik.
Honez gain, Artzabalgo plaza konponduko dutela iragarri dute, "hainbeste urtez katramilatuta" egon ostean. Eta 750.000 euro inguru banatuko dituzte diru-laguntzetan. Udal diru-laguntza politikari eusteko beharra nabarmentzen du udal gobernu taldeak, "izan ere, udal gobernu honen iritziz, herriko taldeek egiten duten lanari esker dugu herri bizia eta dinamikoa, solidarioa, euskalduna, parekidea, eramangarria, abegikorra, eta hori horrela izaten jarrai dezan, gure ekarpen ekonomikoa egiten jarraituko dugu. 750.000 euro ingurukoa izango da laguntza hori. Auzolana eta elkarlana gisako baloreak, galdu ezinezkotzat ditugu".
Ekarpenak egiteko aukera
Udal gobernu taldeak 2018rako aurrekontuen zirriborroa joan den astearteko Ogasun Batzordean aurkeztu zien gainerako udal taldeei. Aurrekontuok onartzeko egutegia ere adostu zuten EHBildu, EAJ eta PSE udal taldeen artean. Ekarpenak jasotzeko epea zabaldu zuten. Udal taldeenak azaroaren 22ko Ogasun Batzordean jasoko dituzte.
Herritarrenak, datorren asterako auzoka deitu duten bilera errondaren baitan:
Herritarrekin bilera erronda
Bileren ordutegia: 19:00.
-Azaroak 20: Zubietako Kaxkapen.
-Azaroak 21: Txokoaldeko Erroizpe elkartean eta Kalezarko Haur Eskolan.
-Azaroak 22: Aginagako ludotekan eta Santueneko Auzo Elkartean.
-Azaroak 23: Potxoenean. Egun berean, udal langileei ere aurkeztuko zaizkie udal aurrekontuok.
Udal aurrekontuak onartzeko prozesua
-Azaroak 14: Usurbilgo Udaleko Ogasun Batzordean udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta aurrekontuok onartzeko egutegia adostu zuten. Udal taldeek ekarpenak egiteko epea zabaldu zuten.
-Azaroak 20-24: udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko bilera erronda auzoka.
-Azaroak 22: udal taldeen ekarpenak Ogasun Batzordean jasoko dituzte.
-Abenduak 19: udalbatzarraren ezohiko osoko bilkuran onartu asmo dituzte 2018ko udal aurrekontuok.
Udal aurrekontuak zenbakitan
Herri jasangarria:
Guztira: 2.600.000 euro (aurrekontu osoaren %23,28).
Partidak: hirigintza (%2,69), ingurumena (%8,59), zerbitzuak eta obrak (%12).
Herri nortasuna indartzea:
Guztira: 1.200.000 euro (aurrekontu osoaren %10,33).
Partidak: ia 200.000 euro euskararen normalizaziora (%1,79), 363.000 euro kulturara (%3,21). Euskarara eta kulturara orotara, aurrekontu osoaren %5a. 526.000 euro hezkuntzara (%4,65).
Ongizatea:
Guztira: 2.470.000 euro (aurrekontu osoaren %21,85).
Udal baliabideak:
Guztira: 4.900.000 euro (aurrekontu osoaren %43,33).
Irudia: Usurbilgo Udala.