"Borobilean" ikuskizun berriarekin itzuliko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots abenduaren 2an Oiardo Kiroldegira

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 20a, 08:49

Ohi baino goizago datoz aurten, abenduaren 2an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, “Borobilean” labetik atera berria duten ikuskizunarekin, Argiaren eskutik. Bi saio eskainiko dituzte hurrengo asteko larunabatean, Oiardo Kiroldegian; 16:00etan eta 18:30etan. Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue Bordatxo tabernan eta Marije arropa dendan.

Euskararen Eguna

"Borobilean" ikuskizun berria Euskararen Egunaren bezperarako iragarri dute Argiaren Usurbilgo lagunek. Ekimen gehiago ere iragarri dituzte abenduaren 3ko egun seinalatu horri begira:

Azaroaren 24ra arte

”Nola ospatuko zenuke Euskararen Eguna?”. Iaz bezala, Usurbilgo Artixten Taldeak Sutegi udal liburutegian, Etumeta AEK euskaltegian eta Udarregi Ikastolan jarri dituen boto kutxetan eman dezakezue zuen iritzia azaroaren 24ra arte. Herritarren ekarpenetatik ospakizun originalena edo egokiena antolatu nahi lukete abenduaren 3ko Euskararen Egunean.

Abenduak 3, igandea: Euskararen Eguna

Aginagan, Antxomolantxa Elkarteak antolatuta:

11:00 Mural pintaketa frontoi inguruan.

17:00 “Bualá” haurrentzako jaialdi paregabea.

Usurbilen:

17:00 Haurrentzako zinea euskaraz Sutegin. Antolatzaileak: Udala eta Ziortza.

19:30 “Pakian daonai pakian utzi!” izenburupean, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umorez arituko dira euskaratik eta euskaraz. Antolatzailea: NOAUA! K.E.

https://youtu.be/IzGQeAh5iEI