Iturriko ura edangarria da berriz

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 20a, 08:19

Usurbilgo Udalak astelehen arratsaldean jaso zituen azken egunotan hainbat herritar erasan dituen gastroenteritis brotearen inguruko azterketa epidemiologikoaren behin-betiko emaitzak, eta txostenak ondorio argi bat utzi du: Usurbilgo ura edangarria dela. Honenbestez, Usurbilgo Udalak bertan behera utzi du iturriko ura ez edateko emana zuen aholkua.

Azterketa epidemiologikoaren behin-betiko emaitzak astearte goiz honetan emango dituzte ezagutzera. Udalak agerraldi bidez egingo du aipatu emaitzen aurkezpena, Añarberko zuzendari-gerentearekin batera, "aste honetako gorabehera guztien berri emateko, eta gastroenteritisa zerk eragin duen" argituko dute.

Lan taldea osatu dute

Gai honen inguruko jarraipena egiteko lan taldea osatu dute egunotan. Lan talde horretako kideak honako hauek dira: Xabier Arregi Usurbilgo alkatea eta Jone Urdanpilleta zinegotzia, Marije Imaz Ikastolako zuzendaria, Juncal Artieda Gipuzkoako Osasun Publikorako Zuzendariordetzako Epidemiologia Unitateko ordezkaria, Tomas Plazaola Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzailea eta Mikel Aierdi uraren kalitatea neurtzeko Eusko Jaurlaritzak duen erakundeko ordezkaria.