Erraustegiaren aurkako salaketa plazaratzeko elkarretaratzea igandeko Erle Egunean

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 20a, 10:42

Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak elkarretaratzea deitu du igande honetan, azaroaren 26an ospatuko den 19. Erle Egunean. Arratsaldeko 13:00erako finkatu dute hitzordua Mikel Laboa plazan, aldarri argi baten bueltan, “Birziklatzeari bai, erraustegiari ez! Osasuna bai, erraustegirik ez!”. “Zatoz eta salatu erraustegia”, deitzen dituzte herritarrak. Gogora ekarri dutenez, “1990. hamarkadan amiantoak eragin zituen heriotzak gaur egun ere jarraitzen dute. 2017. urtean PNV+PSE (Udalek nahi ez duten) erraustegia egin nahi dute Zubietan”.

Elkarretaratzearen harira, idatzi hau helarazi diote deitzaileek NOAUA!ri:

Erraustegirik ez

Munduan zehar (Italia, Frantzia, Estatu Batuak…) egin diren ikerketa zientifiko ofizialek erraustegi baten inguruan bizi diren pertsonek minbizia (gibelekoa, parte biguinetakoa, biriketakoa, esteetakoa, urdailetakoa…) izateko arriskua asko handitzen dela ikusi da. Italian 2013 eta 2015 urteetan egin diren ikerketetan erditze oso goiztiarrak izugarri hazi zirela ikusi da. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren 2004. urteko txostenak dio: “Hondakin organikoen errausteak sortzetiko malformazioak eta minbiziarekin lotura duten ikerketak daudela” esaten da. Txosten berean, erraustegiek botatzen dituzten dioxinak (oso kutsakorrak) minbizia sortzeko ahalmena daukatela aipatzen da. Nafarroan erraustea EZ den beste eredu bat aurrera eramatea erabaki dute. Asturiasen borroka asko egin ondoren hondakinak EZ erraustea erabaki dute.

Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (C.S.I.C.) ikerlaria den Fernando Palacios jaunak, Berriari (2016/06/30) eskainitako elkarrizketan dio “Zabalgarbi (Bizkaia) inguruko landareetan artsenikoa (oso kutsakorra) pilatzen jarraituz gero, errauste planta ITXI egin beharko litzateke inguruko herritarren OSASUNA arriskuan egon litekeelako”. Bizimodu osasuntsuago baten alde hor ibiltzen gara Lasarte-Zubieta-Usurbil-Aginaga-Arratzain inguruetan, baratza-zelai-baso-sagasti-erreka-arrain-mendi edo abereei begira. Zubietako erraustegiak, ez al lituzke guztiak eta guztiok kutsatuko? Bertako landare eta barazkiak osasunarentzat hobeagoak direla esaten diguten garai hauetan, Zubietako erraustegiak osasuna ezezik elikagaiak ere kutsatuko lituzke.

Biodonostia Osasun Ikerketa Instituzioak erraustegiak osasunean eragin dezakeen kaltea ezagutzeko, bolondresak eskatzen dituela entzun dugu egun hauetan. Horrelako jokabideen bidez garbi ikusten da erraustegiek kutsatu egiten dutela eta herritarrak deitzen ditugu erraustegiaren kutsadura salatzera.

Zubietako erraustegitik 5 kilometrotara 46.372 pertsona bizi gara eta 10 kilometrotara berriz 272.582. Zenbat eta gertuago orduan eta kutsatzeko arrisku gehiago.

Esaldi batek honela dio: burua duenak ez du bere etxe inguruan erraustegirik nahi eta bihotza duenak berriz ez du besterentzat ere nahi.

Birziklatzeari bai, erraustegirik ez!

Bizimodu osasuntsuagoa bai, erraustegirik ez!

Usurbilen, 2017ko azaroa

Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea

Oharra: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak deituta, elkarretaratzea igandean, azaroak 26, 13:00ean frontoi atzean, Mikel Laboa plazan. Zatoz eta salatu erraustegia!