Bi aldarri lotuko ditu azaroko azken ostiraleko elkarretaratzeak

Noaua Aldizkaria 2017ko aza. 21a, 12:22

Berezia izango da azaroko azken ostirala. Mobilizatzeko eguna dugu hilero. Oraingoan ordea bi aldarri lotuko ditu hitzorduak; euskal presoen eta haien senideen eskubideen eta biharamuneko, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunari lotutako aldarriak plazaratuko ditu.

Bi aldarriok lotuko dituen elkarretaratzea deitu dute ostiral iluntze honetan, azaroaren 24an, 20:00etan Mikel Laboa plazan eragileok; Usurbilen Nahi Dituguk, Matrakak Talde Feministak, Usurbilgo Ernaik eta Usurbilgo Sortuk. “Kontzientzia pizteko hainbat ekimen burutu, datu eta mozio aurkeztu ohi ditugu, baina bada garaia errealitate gordinari aurre egin eta azaletik errora jauzi egiteko. Erraiak azalera aterako ditugula aldarrikatzera gatoz!”, iragarri dute elkarretaratzearen berri emateko NOAUA!ra helarazi duten deialdian.

Abenduaren 9ko Parisko mobilizazioa girotzeko ekitaldia larunbatean

Euskal Herriko gai batekin lotuta inoiz izan den mobilizazio masiboena izatea nahi dute Bakearen Artisauek abenduaren 9rako Parisen antolatu dutena. Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak ezabatzea eskatuko da frantziar estatuko hiriburuan. Hitzordua girotzeko, ekitaldia deitu dute larunbat honetarako, azaroaren 25ean iluntzeko 19:00etan frontoian. Antolatzaileek iragarri dutenez, “bidaiaren inguruko argibideak, bideoak, pintxoak, sagardoa, gaztain erreak…” eskainiko dira. Autobus zerbitzua ere antolatu da Usurbilen, abenduaren 9an Pariserako joan etorria egiteko. Izena ematera deitzen dute. Ohiko tokietan bideratu ahalko da aurrez.

Abenduaren 9an Parisen eskaera argi bat plazaratuko dute, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurri “onartezinak kenduak izan daitezen: presoen hurbilketa, gaixo diren presoen askatzea, baldintzapeko edo behin behineko askatasun neurriak ukan ditzaketen pertsonen libratzea, berdin kondena bukatzear duten presoak. Berehalako neurri horiek presoen gaiaren konponketa integralaren lehen urratsa izango da”. Bake prozesuan inplikatzea eskatuko zaio baita Frantziako Gobernuari.