Herritarroi eragiten diguten aferetan, hondakinen kudeaketaren gaian esaterako, jendarteari informazioa, eztabaida eta parte hartzea eragoztea ez da legitimoa ezta demokratikoa ere GuraSOSetik gogorarazten dutenez. Agintariek egin nahi ez dutena gizarteak egin ahal izateko esku hartze zibiko eta soziala proposatzen dute. "Eztabaida ez izatea nahi baldin badute, eztabaidatuko dugu; parte-hartzea ez badute nahi, parte-hartze prozesu bat martxan jarriko dugu; ez badute Plan bat egin nahi, Plan bat egingo dugu; sumindura eta gatazka nahi baldin badute, adostasuna sortu eta eraikiko dugu. Gai garen jendartea garela agerian utziko dugu", hala iragarri dute GuraSOSetik, asteazken goiz honetan hedabideekin egin duten gosari informatiboan.
Hondakinen kudeaketaz eztabaidatu, eztabaida horretatik etorkizunerako plan bat landu eta hainbestetan aldarrikatu izan duten moduan, Gipuzkoako gai honetan dugun arazoari konponbide adostua emateko konpromisoa berretsi dute. Bide horretan ematekoak diren hurrengo urrats garrantzitsua iragarri dute. Joan den maiatzean agerraldi bidez etorkizunera begira jorratzekoak ziren lan-ildoen artean aurreratu zuten parte hartze prozesua.
2016ko ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiak egitekoa zela iragarri arren, gerora egin ez duen ekimen honekin gipuzkoarrei hitza hartzeko aukera eskaini nahi diete. Hitza hartzera eta adostasunera heltzeko gonbita luzatzen digute. Izen horixe du gainera gizarte zibiletik jaioko den eta laster abiatzekoak diren parte hartze prozesuak; "Hitzartu".
Kohesio soziala, osasunaren babesa eta Europako araudia ardatz
Parte hartze zuzena eta adostasuna ukatzen zaion Gipuzkoako gizartearen gehiengoaren bilgunea izan nahi du. Hiru ardatz nagusion bueltan jorratu nahi dute prozesua: "Kohesio sozial handiena lortzea, osasunaren babes handiena lortzea eta gaia Europako araudiari egokitzea". Euskal Herriko Unibertsitatearen "Parte Hartuz" ikerketa taldeak diseinatuko du prozesua. Horren "emaitza izango da 2017-2030 Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren proposamena". Plan hau landu ostean, "erakundeei helaraziko diegu. Bertan adostasun soziala eta irtenbide teknikoa islatuko dira", adierazi dute GuraSOSetik. Gogoan izan, aurreko Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketa plana, 2002-2016 artekoa, duela urtebete iraungi zela.
"Foru agintariek ez dute 2016ean aurkeztu zuten Plan berri bat tramitatu. Helburua: gizarte eztabaida saihestea kontratua esleitu baino lehen. Are gehiago, Plana ez da berrikusi (azkeneko berrikuspena orain dela 9 urte egin zen, 2007ko datuetan oinarrituta). Inork ez du aztertu nahi izan erraustegia beharrezkoa ote den gaur egun, edota beste aukeraz baliatzea, Zabalgarbiko (Bizkaia) erraustegia erabiltzea, esate baterako. Hori guztia egiteko argudioa hauxe izan da. “Batzar Nagusietan gehiengoa dugu, eta legitimitatea ordezkari politikoena da”. Baina esperientziak erakutsi digu gehiengo politikoen alternantziak ez duela bermatzen gai honen konponbidea topatzea, ez ingurugiroaren ikuspegitik, ezta gizarte zatiketaren ikuspegitik ere. Konponbide bakarra: adostasuna. 4 urtetik behin txeke txuria emateko artegitik ateratzen uzten gaituzten ardi otzanak bezala tratatzen gaituzte. Gainontzeko gauzez beraiek arduratzen dira. Jendarteari galdera zehatz bat luzatzen diogu: hau onartu behar dugu? Edo jendarteak gai honi eutsi eta izango da erabakiko duena gatazka edo adostasuna, parte-hartzea edo inposizioa?", galdetzen dute GuraSOSetik.
Hilabete eta asteotan, eremu ezberdinetako gizarte eragileei aurkezten ari zaie Hitzartu ekimena, "aukera bat izango da, foro eta tresna bat, azken batean, herritarrek euren eskubidea praktikara eraman dezaten: beren arazoez informatzeko, eztabaidatzeko, eta elkarrizketaren bitartez onbideratzeko eskubidea. Gehiengo sozialak, adostasuna gailenduz, gatazka eta gaur egungo zein etorkizuneko segurtasun falta honekin amaitzeko duen gogoari erantzungo dio honek".
GuraSOSek jada abenduaren 16rako finkatu du, Hitzartu parte hartze prozesuaren eratze publikoa. Argi diote, hondakinen kudeaketarekin dugun arazoaren inguruan, "azken hitza herritarrona izango da". Herritarroi eragiten diguten aferetan, hondakinen kudeaketaren gaian kasu, herritarron parte hartze zuzena eta erakundeen legitimitatea gatazkan jarri nahi dituztela nabarmentzen dute GuraSOSetik. Baina gogorarazten dutenez, "Oker larria da. Parte-hartze zuzenak demokrazia aberasten du, eta legitimitatez janzten du. Hori saihesteak demokrazia bera ahultzen du eta erakundeen legitimitatea".
Parte hartzeari buruzko Kongresuan
Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarroi eragiten digun hondakinen kudeaketaren gaian parte hartzeko aukerarik eman ez eta aldi berean egunotarako iragarri duen parte hartzearen inguruko 1. Kongresua antolatzea, "uste dugu zoritxarrez Instituzioaren irudi garbiketa dela. Egiten ez dutena salduz beraien burua goraipatu nahi dute. Baina bidea ibilian egiten da, eta honi itxurakeri zantzuak hartzen dizkiogu. Hortan oker bagaude, ongietorria izan dadila jarrera aldaketa. Goraipatzen duten egiteko modu hori martxan jartzea besterik ez dugu eskatzen. GuraSOSek errespetuz hartuko du parte Kongresuan, bertan aipatuko diren esperientziez aberasteko nahiaz gerturatuko da. Aprobetxatuko du ere HITZARTU ezagutzera emateko, oinarri sozial ez-instituzionalizatuaren parte-hartze esperientzia berritzaile moduan, non herritarrek instituzioei baimena eskatu gabe baliatuko duten beraien eskubidea".